Lourdes Otaegi eta Garazi Otxagabiari emon deutsie Aita Santi Onaindia bekea
2017-12-01 08:32 Euskerea berbagaiUrte birik behin emoten dabe, Zornotzan, Labayru Fundazinoaren bultzadeagaz.
Ekitaldi berezia egin dabe Zornotzako udaletxean, Aita Santi Onaindia bekearen 2017ko irabazleen barri emoteko eta, bide batez, aurreko edizinoko irabazleak plazaratu dauen ikerketea aurkezteko. Euskal literaturearen inguruko azterlanak bultzatzeko asmoz urte birik behin egiten da deialdia, Santi Onaindia (1909-1996) idazle, itzultzaile eta ohorezko euskaltzainaren omenez. Zornotzako Udalak eta Labayru Fundazinoak antolatzen dabe.
Aurtengo bekea Lourdes Otaegik eta Garazi Otxagabiak aurkeztutako egitasmoarentzat izan da. Ramon Saizarbitoriaren nobelak aztertzea da euren asmoa, bertan agiri diran bikoteen arteko hartu-emonak eta indarkeria zelan erakusten diran begiratuko dabe, generoaren ikuspegitik. Egile biak egon dira Zornotzako ekitaldian egitasmoaren barri emoten.
Bestetik, orain dala urte biko deialdian bekadun izan zan Gorka Merceroren liburua aurkeztu dabe: Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean: Modernitatearen krisitik Postidentitatearen promesera izenburuko lana. Ikerketa horretan, Liverpooleko unibersidadean behar egiten dauen egileak euskal narratiba garaikidea hartu dau aztergai, eta horren barruan mundu-ikuskerak zelakoak diran, berak proponidu dauen sailkapen barri baten bitartez. Ekitaldian, bideo-bidezko Skype aplikazinoaren bidez bat egin dau Gorkak han batutakoakaz.
Adolfo Arejita Labayru Fundazinoko zuzendariak Gorka Merceroren lana eta bekadun barrien egitasmoa txalotu ditu. Zornotzako Udalaren eta Labayruren arteko alkarlanari esker, dagoeneko hamaika izenburuko bildumea osotu dala gogoratu dau. Bertan erreferentziako bibliografiako titulu eta egile oso esanguratsuak dagoz.
Udalaren izenean, Luciano Martínez zinegotziak parte-hartzaileak zoriondu eta Udalaren aldetik esker ona adierazo dau, egitasmoagaz aurrera jarraitzeko gogoaz ganera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!