Ortzadar saria emongo deutsie Joxemari Iriondo kazetari eta kulturgileari
2017-11-30 10:31 Euskerea berbagaiEuskerazko hedabideetan eta hizkuntzearen zabalkundean egin dauen ahaleginagaitik omenduko dabe.
Kulturgintzan, euskalgintzan eta komunikabideetan ibilbide luzea eta oparoa dauka Joxemari Iriondo urrestillarrak. Horregaitik, 2017ko Ortzadar saria emongo deutso Noticias komunikazino-taldeak. Gaur arratsaldeko 19:30ean, Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan egingo deutsie gorazarre.
Sorkuntza kulturalean eta euskerearen zabalkundean Iriondok egindako ahalegina azpimarratzeaz ganera, komunikatzaile konprometidua izan dala adierazo dau Noticias taldeak. Euskal komunikabideak hasi barriak ziranean, euskerearen giza-pertzepzino positiboa berreskuratzen lan handia egin ebala ganeratu dabe Ortzadar sariaren bultzatzaileek.
Joxemari Iriondo Loiolako Herri Irratian hasi zan beharrean eta harrezkero EITBn be ibili da, besteak beste. Beti kultureari lotuta egon dan ezkero, irratiaren eta telebistaren bidez gizarteratu izan ditu Euskal Herriko hainbat adierazpen kultural, berbarako trikitixea, bertsoa eta kantua. Komunikabideetatik aparte be ekarpen garrantzitsuak egindakoa da eta, berbarako, Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zan.
Bertsolaritzea da Iriondoren pasinoetako bat. Sasoi bateko txapelketetan aurkezle eta antolatzaile ibili zan eta gaur egun bertsogintzea bultzatzen eta antxinako bertsolari batzuen ondarea zabaltzen dihardu. Xalbador Eguna antolatzen be ibilten da. Bertso-papelak, biografiak eta nobelaren bat edo beste be idatziak ditu, baita itzulpenak be. Ohorezko euskaltzaina da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!