Emakundek Virginia Imaz artisteari emon deutso Bardintasun saria

Bizkaie! 2017-11-30 12:23   Kulturea

Saria emoteko arrazoia izan da: kontzientzia feministea dauen ipuin kontalari eta pailazo moduan egindako ibilbide ausarta.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Virginia Imaz (Argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Emakundeko epaimahaiak arte eszenikoen bidez bardintasunaren aldeko sensibilizazinoan Virginia Imazek 30 urte honeetan egindako ekarpena goraipatu dau. Dinoenez, arte eszenikoen alorrean aitzindaria eta barritzailea izan da Imaz, etiketen kontra burrukatu dau eta pailazo ogibideari duintasuna emon deutso, modu honetara, kultura arloko beste hainbat emakumeren erreferente bihurtu da. Sarituak, genero eta emakumeen ganeko ikasketetan aditua eta prestatua, feminismoak hausnarketea eta ezaguerea behar beharrezkoak dituala erakutsi dauela azpimarratu dau epaimahaiak.

Honetaz gan, Imazek umorea gizartearen ispilu legez erabili dauela azpimarratu dau epaimahaiak, konplazentziarik bakoa, baina aldi berean, gaiztakeriarik bakoa. Umorearen bitartez, bardintasuna ideen mundutik emozinoen mundura eroateko gai izan da eta honegaz, emozinoaren bitartez, persona asko sensibilizetea lortu dau. Hori lehen pausua da emakume eta gizonen bardintasunaren alde ekiteko.

Sari hau kultura arloan lan egiten daben persona eta talde guztiei luzatu nahi deutse Emakunde sariko epaimahaiak, erakusten dabelako kulturea gizartea eraldatzeko tresna ezin hobea dala; kultureak bardintasuna zer dan ikasteko eta emakumeen parte-hartzea eta autortzea sustatzeko, estrategia barritzaileak eskaintzen deuskuzalako.

Virginia Imaz aktorea, pailazoa, ahozko kontalaria, clownklusionistea, gidoilaria eta agertokiko zuzendaria be bada eta, honetaz gan, helduen irakaslea be izan da. Trebatzaileen trebatzailea da eta 30 urteko ibilbide profesionala dauen Oihulari Klown antzerki konpainiako zuzendari artistikoa eta sortzailea. Ia hiru urtez egin eban lan Cirque du Soleil-en La Nouba ikuskizunean. Umorearen esparruan egin dauen lanak begirada barruratzailea eskaintzea izaten dau beti helburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu