Munduko sei uritan Euskerearen Eguna gogoratzen dabiz

Bizkaie! 2017-11-30 08:28   Euskerea berbagai

Atzerrian euskerea ikasten dabizan 1.500 lagunei autortzea egin nahi deutsie.

Rafa Rueda Bartzelonan izango da | Ikusi handiago | Argazki originala

Abenduaren 3an, domekea, da Euskerearen Nazinoarteko Eguna eta Etxepare Euskal Institutuak egitarau oparoa antolatu dau munduan dituan sei egoitzatan. Santiagon (Txile), Bolognan (Italia), La Platan (Argentina), Habanan (Kuba), Corken (Irlanda) eta Bartzelonan (Katalunia) eratu ditue ekitaldiak. Orain dala egun batzuk hasi eta abendura arteko egitaraua izango dala azaldu dau Etxeparek.

Gaur egun, Etxeparek bultzatutako programen bidez, 18 herrialdetako 34 unibersidadetan erakusten dira euskerea eta euskal kulturea. Bertan parte hartzen dabizan 1.500 ikasleei eta 29 irakurleei autortzea egitea da Euskerearen Eguneko egitarauaren helburua.

Txileko Santiago uriburuan orain dala egun batzuk ekin eutsien ospakizunei: Berbaldiak, tailerrak, jantzak, dastaketak eta abar egon ziran eta, ganera, Asier Altunak zuzendutako Bertsolari pelikulea ikusi ahal izan eben. Bolognan be hasita dagoz ospakizunetan, baina han oraindino ez dabe amaitu, izan be, atzo hasi eta abenduaren 3ra arte, ekintza ugari dagoz programazinoan, berbarako, barikuan, Asier Altunaren Amama pelikulea proiektauko dabe.

Argentinako La Plata urian, hango Euskal Etxeagaz batera atondu dabe egitaraua. Besteak beste, Mintzodromoa egingo dabe Argentinako hainbat uritako euskera ikasleen artean, zapatuan. Ganera, hizkuntza indigenen eta euskerearen inguruko azalpenak emongo ditue beste ekitaldi batzuetan, Garabide alkartearen laguntzinoagaz. Habanan, ostera, Joseba Sarrionandia idazle ezaguna dago Euskerearen Egunaren bultzatzaileen artean. Bazkaria, euskera ikasleen performance-ak eta euskal autoreen testuak egokitu dituen Kubako musikarien kontzertua egongo dira, besteak beste, abenduaren 3an.

Irlandan, Cork urian, adituen berbaldiak eratu ditue, abenduaren 7an, Jon Kortazar eta Ana Gandararen eskutik. Amaitzeko, Bartzelonan, abenduaren 12ra arte ez dabe Euskerearen Eguna ospatuko. Egun horretan, berbaldi musikatu bi eskainiko ditu Rafa Ruedak: Eguerdian unibersidade autonomoan eta arratsaldean, barriz, Universitat de Barcelona-n.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu