Gazteek euskeraz olgau eta ikasiko dabe Galdeketaun Lehiaketeari esker

Bizkaie! 2017-11-29 13:31   Euskerea berbagai

Egitasmoaren laugarren edizinoa urtarrilaren 31ra arte egongo da martxan.

Argazkia: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak eta Nontzeberri atariak alkarlanean abiatutako proiektua da Galdeketaun. Teknologia barriak erabiliz, 12 eta 17 urte bitarteko gazteak euskerazko astialdira erakartea da asmoa, eta, bide batez, Bilboren eta euskal kulturearen ganekoak ikasi deiezala. Eskuko telefonorako aplikazinoa doban deskargau besterik ez dabe egin behar parte hartu nahi dabenek.

Funtsean, galdera-erantzunen jokoa da Galdeketaun. Bilboren ingurukoak dira horreetako asko, gazteek uriaren ezaugarrien eta historiaren ganean ikastea be badalako helburuetako bat. Nahi beste partida jokatu leitekez, eta igarritako galderen arabera, puntuak emongo dira. Puntuazinorik altuena irabazten dabenentzako sariak egongo dirala azaldu dabe antolatzaileek. Ganera, parte-hartzaile guztien artean opariak zotz egingo ditue.

Aurreko edizinoetan agertu ez ziran ehundazak galdera barri sartu ditue aurtengo edizinoan. Igaz alkarlana hasi eben Bilboko Itsasadarra Itsas Museoagaz eta aurten lankidetza horri eutsi deutsie. Era horretara, Bilboren eta itsasoaren arteko loturearen inguruko galdera ugari dagoz jokoan. Euskal Museoa eta Arte Berreginen Museoa aurten batu jakoz ekimenari, eta euren alorreko itaunak proponidu ditue.

Abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra bitartean egongo da eskuragai Galdeketaun. Erraza da parte hartzea: Aplikazinoa deskargau, erabiltzailearen oinarrizko datu batzuk emon eta nahi beste aldiz jokatu leiteke. Igazko edizinoan, 200 parte-hartzaile inguru erregistrau ziran eta 10.000 partida jokatu zituen.

Galdektaunen bultzatzaileak pozik agertu dira aurreko urteetako datuakaz, Bilboko gazteentzat  euskerea astialdiko hizkuntzea dala erakusten dabelako. Joko erakargarria eta dinamikoa da eta, euskeraz ondo pasetan daben artean, neska-mutilek euren jakintzea handitzen dabela esan dabe antolatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu