Enpresek euskerearen alde egindako ahalegina nabarmendu dabe Lauaxeta Sarietan
2017-11-28 13:19 Euskerea berbagaiBizkaiko bost lantegiri Ohorezko Saria emon deutse Foru Aldundiak.
Urtero, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren bueltan banatzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Sariak. Lan munduan euskerea erabilteko eta alor industrialean zabaltzeko egindako lana azpimarratu nahi izan dabe aurten eta, hortaz, euskerea euren egunerokoan sartu daben bost enpresari emon deutsie Ohorezko Saria: Eika, Maier, Batz, Cikautxo eta ITP dira sarituak. Poesiaren ataleko Lauaxeta Saria, ostera, Amaia Iturbide Mendinuetak irabazi dau eta ikus-entzunezkoen atalekoa, Iban Gonzalez Pagaldayk.
Bilbon, Foru Jauregian egindako ekitaldian banatu ditue sariak, Unai Rementeria Ahaldun Nagusia eta Lorea Bilbao Kultura diputadua buru. Bere izakereari eutsiz sasoi barrietara egokitzen jakin dau euskal gizarteak, azpimarratu dau Lorea Bilbaok eta, horregaitik, euskerea eremu barrietara heltzeko deia eginez, erabilerea indartzea ezinbestekoa dala uste dau, euskerea ezagutu eta erabilten dabenek gizartea aberastu egiten dabe. Aurtengo saritu guztiak horretan eredugarri dirala dino.
Lehenik eta behin, Amaia Iturbide Mendinuetari emon deutsie Lauaxeta Saria. Poesiaren ataleko irabazlea izan da, Dorrearen eta penduluaren arteko ituna lanari esker. Epaimahaiak aho batez hartu dau Iturbide saritzeko erabagia.
Ondoren, Ibai Gonzalez Pagaldayk urten dau oholtzara, ikus-entzunezkoen ataleko saria jasoten. Ama nora goaz dokumentalari esker irabazi dau. Dokumentaleko emakumeen eta horreek ordezkatzen dituen beste emakume guztien partez eskerrak emon nahi dodaz, adierazo dau Gonzalez Pagaldayk. Memoria historikoa landu dauen proiektu bat saritzeagaitik Lauaxeta Sariak txalotu ditu eta berea maitasun handiz egindako pelikulea dala ganeratu dau.
Amaitzeko, Ohorezko Lauaxeta Sariak emon ditue. Bizkaiko bost enpresa, industriaren arlokoak, omendu ditue, horreetatik lau kooperatibak: Eika, Maier, Batz eta Cikautxo. Bosgarrena, ITP, alkarte anonimoa. Bizkaian euskerearen alde egin daben enpresak asko dirala azaldu dau Foru Aldundiak, eta horreen ibilbidea saritzea besteentzat eredugarri izango dala.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren ustez, balio erantsia emoten deutso enpresa bati bertako hizkuntzea, kasu honetan euskerea, erabilteak: Kalidade handiagoko zerbitzua da euskeraz be emoten bada. Ganera, euskerea erabilten dauen enpresa batek arimea daukala dino Rementeriak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!