Bilboko Bidebarrietak egitarau berezi bategaz itxiko dau urtea

Bizkaie! 2017-11-28 12:33   Kulturea

Euskerearen Egunaren ospakizunagaz hasiko da, Miren Agur Meabe eta Anjel Lertxundiren eskutik.

Miren Agur Meabe Idazleak zabalduko dau Bidebarrietako programazino berezia | Ikusi handiago | Argazki originala

Bidebarrieta Kulturguneak, bariku honetan, Euskerearen Egunaren ospakizunakaz emongo deutso programazino berezi bati hasierea. Egitarau honek urtea itxiko dau poesia errezitaldiak, liburu aurkezpenak, musikea eta antzerkia tartean dirala. Ohikoa danez, jarduera guztiak 19:30ean hasiko dira.

Miren Agur Meabe eta Anjel Lertxundi idazleen Hitzak hots izeneko poema irakurketeagaz hasiko da, barikuan, programazino berezia, Euskerearen Eguna ospatzeko. Topaketa honek poesiaren eta musikearen artean dagoan fusinoaren isla izan nahi dau. Horregaitik, idazle bien gogoetez eta testuez gan, Antton Valverde musikariak bost poeten zortzi abesti barri aurkeztuko ditu pianoaren laguntzinoagaz: Itxaro Borda, Arantxa Urretabizkaia, Tere Irastortza, Jule Goikoetxea eta Miren Agur Meabe bera.

Urte osoan zehar egiten diran ohiko jarduerez gan, abenduaren 12an, Fernando eta Luis Marías idazleak alkartuko dituan Eztabaidak Literatureagaz, adibidez, Bidebarrieta Kulturgunearen eskaintzeak beste hainbat proposamen programau ditu egun honeetarako, literaturea musikeagaz eta arte eszenikoakaz buztartuz.

Holan, abenduaren 14an, Beroki gorria liburu ilustraduan oinarritutako ikuskizuna aurkeztuko dabe. Gidoia eta kontakizunak, euskeraz eta gaztelaniaz, Patxi Zubizarretarenak dira, eta marrazkiak Yolanda Mosquerarenak. Maddi Oihenartek jarriko deutso ahotsa ipuinari, Imanol Elizasu & Zariatxok koruetan lagunduta, txelo eta akordeoi musikeagaz eta Sahatsa Ramírezek eskainiko dauen zuzeneko jantzeagaz.

Hurrengo egunean, hilaren 15ean, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak Erre Arteka & Maskaradak produzidutako Marie Curie-Mania Sklovowska. El porvenir de la cultura antzezlana jasoko dau, Itziar Ituño eta Chema Trujillo antzezle nagusi dituana, Carlos Paneraren zuzendaritzapean. Marie Curie zientzialari eta Fisika eta Kimika Nobel sariduna jaio zanetik 150 urte bete diranean, testu autobiografikoetan eta beste dokumentu historiko batzuetan oinarritutako lana da.

Astelehenean, hilaren 18an, Antonio Machado poetearen lanaren ganeko poesia errezitaldia programau dabe Orphenica Lyra musika taldeagaz. Las voces de los ecos ekitaldia poesia eta musika alkarrizketea izango da, Enrique Granados konposatzailearen hainbat pieza interpretauko dituan Mikel Iturregi musikariak pianoagaz lagunduta. Carmen Bereciartuak, José Luis Cuestak eta Constantino Díezek jarriko deutsie ahotsa Machadoren lanari.

Programazinoa abenduaren 20an itxiko da, Bilbo Sax Quartet saxofoi laukoteak eskainiko dauen Un viaje por el S. XX izeneko Gabonetako Kontzertuagaz. Taldeko kideak Nerea Uzquiaga, saxo sopranoa, Ángel Fernández, saxo altua, Josep Viçente Ripoll, saxo tenorea eta Ricardo Sásamo, saxo baritonoa dira. Jarduera guztiek dobako sarrerea izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu