UZEIren 40 urteko lana gogoratu dabe
2017-11-28 10:21 Euskerea berbagaiEuskerearen modernizazinoan lagundu dabenak omendu eta Larretik noranahi bideoa aurkeztu dabe.
Lau hamarkadako ibilbidea ospatzeko eta urte honeetan guztiotan ekarpen baliotsuak egin dituenen lana txalotzeko, ospakizuna egin dau UZEIk Donostian. Euskerazko terminologia berezitua sortzeaz arduratzen da, gehienbat, erakunde hori, eta 1977tik hona alor horretan egin dan aurrerapena nabarmena dala azpimarratu dabe ekitaldian. Izan be, gai zientifikoak, teknikoak zein kirol arlokoak, besteak beste, landu ahal izateko lexiko espezifikorik ez egoan euskeraz. Gaur egun, ostera, ia alor guztietan dagoz hiztegi terminologikoak, UZEIk eta beste askok egindako lanari esker, eta euskerea normaltasunez erabilten dabe alor horreetan dabizanek.
Prozesu horretan bidelagun izan dituan ehundazak laguntzaileen arteko batzuei omenaldia egiteko erabili dabe Donostiako ekitaldia. Esate baterako, bertan izan da Joxe Anjel Iribar futbolari ohia, UZEIren hasierako pausuetan balio handiko ekarpena egin ebalako: Athleticek omenaldia egin eutsanean, partidu haretan batutako dirua euskerazko kirol hiztegi bat egiteko emon eban.
Ganera, mahai-inguru baten aztertu dabe UZEIren ibilbidea eta terminologiaren alorrean dagozan erronkak. Bertan parte hartu dau Joseba Intxaustik, UZEIren lehenengo zuzendari izan zanak. Beragaz batera, UZEIko lehendakari Jon Etxabe, erakundeko kide dan Nekane San Miguel epailea eta Jakineko zuzendari Lorea Agirre egon dira.
Euskereari bide egitea, hori izan da UZEIren asmoa eta egitekoa sortu zanetik bertatik, azaldu dabe ekitaldi horretan. Ahalegin horretan gabiz egunez egun, gure aurrekoen moduan, eta horretan 40 urte beteko doguz laster. Urteurrena ospatzeko ekitaldi bat baino gehiago egingo dituala aurreratu dau UZEIk. Donostiakoa izan da lehenengoa.
Bide batez, Larretik Noranahi izeneko bideoa aurkeztu dabe. Euskerazko lehen hiztegi teknikoak egiten ibili ziran hainbat lagunen lekukotzak batu ditue bertan. Joxe Ramon Etxebarria, Pili Larrea, Iñaki Elorza, Andres Urrutia, Paulo Agirrebaltzategi eta abar agiri dira bideoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!