Euskerearen aurrerabidean alkarlana beharrezkoa dala dinoe erakundeek

Bizkaie! 2017-11-28 08:17   Euskerea berbagai

Euskerearen Eguneko adierazpen bateratua irakurri dabe Gasteizen.

Adierazpena adostu daben erakundeetako ordezkariak, Gasteizen (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Domekan, abenduaren 3an, izango da Euskerearen Nazinoarteko Eguna. Horren harira, hainbat erakunde publikok adierazpena adostu eta aurkeztu dabe, Gasteizko Oihaneder etxean egindako agerraldian. Euskerearen erabilerea eta indarbarritzea helburu, alkarlana eta aktibazinoa giltzarri izango dirala adierazo dabe.

Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten daben erakunde publikoek egin dabe bat adierazpenagaz: Eusko Jaurlaritzeak, foru aldundiek, udalek, EUDELek eta UEMAk. Adierazpena aurkeztu eta publiko egin dabe eta datorren domekan, Euskerearen Egunean bertan, Gasteizko Europa Jauregian egingo dan ekitaldi nagusian berretsiko ditue bertan jasotako guztiak. Iñigo Urkullu Lehendakaria egongo da ekitaldi horretan.

Kontuak kontu, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusietako ordezkariak izan dira adierazpenaren aurkezpenean: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran; Arabako Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol diputadu Igone Martinez de Luna; Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasunerako zuzendari Mikel Irizar; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari Ana de Castro; Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa, Donostiako Udaleko Kultura, Euskera eta Hezkuntza zinegotzi Miren Azkarate; eta Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza zuzendari Jone Unzueta. Eurekaz batera izan dira EUDELeko euskara arduradun Aitor Aldasoro eta UEMAko presidente Josu Labaka.

Adostutako adierazpenean, alkarlanaren garrantzia nabarmendu dabe, euskerearen erabilerea sustatzeko bidea hori dalakoan: Euskerea urtean egun batez dogu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Alkarlanerako gai. Adostasunerako gai. Eta ospakizun eguna erabili nahi dogu, hain zuzen be, ilusinoaren hauspoa haize barriz beteteko. Indar barriez sendotzeko danon eginahala. Hori behar dauelako euskereak, hori behar dogulako euskerea guztion ezpanetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, papeletan nahi dogunok: ilusinoa. Eta alkarlana. Auzolana.

Momentu egokia da hau, sinatzaileen ustez, lankidetza hori barrikuntzearen bidetik sendotzeko. Une aproposa da euskerearen lurralde eta eremu guztietako herri aginteen arteko lankidetzea be barrikuntzearen bidetik sendotzeko. Erabilerearen mesedetan. Eta euskereak alkarlan horreen guztien preminea dau, gehitu dabe.

Euskereak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez izenburua dau adierazpenak. Irakurri osorik hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu