Kirmen Uribe, euskal literaturearen ordezkari Mexikon
2017-11-27 08:53 KultureaLiteratura topaketa entzutetsuenetakoa da Guadalajarakoa.
Batez be literatura iberoamerikarra jorratzen dau Guadalajarako Liburu Azokeak (FIL) eta, alor horretan behintzat, munduko garrantzitsuenetako bat da. Egunotan egiten dabizan 2017ko edizinoan, Kirmen Uribe izango da euskerazko literaturearen ordezkari nagusia, Etxepare Euskal Institutuak azaldu dauenez. Mahai-inguru, berbaldi eta aurkezpenetan parte hartuko dau Ondarroako idazleak.
Etxeparek azaldu dauenez, urtero euskal ordezkaritzea bialtzen dabe Mexikoko Jalisco estaduko Guadalajara urira. Azokearen aurreko edizinoetan, Iban Zaldua, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Mikel Ayerbe eta Anjel Lertxundi egon dira FIL-en. Aurten be, Euskal Editoreen Alkarteak erakusmahaia ipiniko dau eta han ikusi ahal izango dira gure literaturearen azken nobedadeak. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñoz bertan izango da, baita Kirmen Uribe be.
Azokako programa ofizialeko hainbat ekitalditan parte hartuko dau Uribek; gaur bertan, astelehena, Galas de El Placer de la Lectura ataleko berbaldietan izango da Ondarroako idazlea, Concepción Company ikerlari mexikarra, Myriam Moscona poeta mexikarra, Bernardo Carvalho idazle brasildarra eta Álvaro Bisama idazle txiletarra berbalagun dituala. Idazleek irakurle legez dituen gustuez berba egingo dabe, idazleen eta publikoaren arteko hartu-emonak estutzea helburu dauen programa horretan.
Bihar, martitzena, Kirmen Uribek bere hirugarren nobelea, Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa), aurkeztuko dau. Barriketaldia egingo dabe idazlearen eta publikoaren artean. Amaitzeko, hilaren 29an, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe baten izango da Uribe, bertako ikasleakaz antolatutako topaketan.
Guadalajaratik Mexiko Urira joko dau Uribek ondoren. Hilaren 30ean, Mexikoko uriburuko Euskal Etxeko kideakaz batuko da eta UNAM unibersidadeak antolatutako mahai-inguruan parte hartuko dau. Euskerea eta euskal kulturea irakasten dituan irakurleak antolatu dau hitzordua.
Kirmen Uribe munduan irakurgai
Lehenengo katalanez, gazteleraz, portugesez itzulirik argitaratu ostean, orain galegoz atera da Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua nobelea. Isaac Xubin idazlea izan da galegora itzuli dauena zuzenean euskeratik. Egoitza Vigon daukan Xerais argitaletxeak plazaratu barri dau.
2018an frantsesez kaleratuko dabe Le Castor Astral argitaletxean. Itzulpena Edurne Alegria egiten dabil.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!