Igor Elortzak irabazi dau Donibane Lohizuneko finalaurrekoa

Bizkaie! 2017-11-27 08:06   Bertsolaritzea

BECeko finalean izango dira bera eta Maialen Lujanbio.

Igor Elortza, Donibane Lohizunen; atzean, Jone Uria (argazkia: Gari Garaialde/XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertsolari Txapelketa Nagusiko azkenaurreko finalaurrekoa jokatu zan domekan Donibane Lohizuneko Jai Alain, 2.280 ikusleren aurrean. Bertsoaldi politak entzun eta giroa epela izan zan. Igor Elortzak irabazi eban saioa eta, beraz, lehenengo itzuliko lan ona be kontuan hartuta, abenduaren 17ko finalean egongo dala gauza segurua da. Irungo saiotik puntu kopuru bikaina batuta heldu zan, bestetik, Maialen Lujanbio, eta atzo be ez eban hutsik egin.

Bestetik, lehenengo finala jokatzeko aukera aproposa eukan Agin Laburuk, Bastidan saio ederra egin ebalako. Bigarren itzulian barriro maila ona emotea nahikoa eban BECerako txartela eskuratzeko, baina Donibane Lohizuneko saioari neurria hartu ezinda ibili zan, ohiko zorroztasuna ezin topauta. Horrenbestez, finalerako aukera guztiak galdu ditu Astigarragakoak.

Julio Soto eta Jone Uriaren lana be azpimarratzekoa da. Lehenengo itzulian fin ibili ziran, baina finalean sartzeko mugatik urrun geratu ziran. Halandabe, Donibane Lohizunen ale onak itxi zituen eta maila ona emonda esango deutsie agur txapelketeari. Iñaki Apalategik be, azkena geratu arren, bertso politak eta idea dotoreak laga zituan ariketa batzuetan.

Hasieratik indartsu ekin eutson Igor Elortzak, eta ofizioetan zein puntu erantzunetan, Jone Uria be bizi ibili zan. Elortzak saioaren amaieran adierazo eban hamarreko txikian sentidu zala gusturen, politikari ustelaren azaletik kantau eban hor. Ariketa horretan, ostera, beherako jokerea hartu eban Uriak eta azkenean laugarren izan zan.

Kartzelakoan lehenengo sailkatu biak, Elortza eta Lujanbio nabarmendu ziran. Gaia hauxe zan: Guzurra esan dozu, baina merezidu izan dau. Afrikatik Europara heldu barritan, bere edadearen ganean poliziari guzurra esan deutsan etorkinaren ahotik kantau eban Lujanbiok. Elortzak, ostera, epaiketa baten kokatu eban bere burua: Bortxaketa baten lekuko izan zala azaldu eutsan epaileari, benetan halan ez izan arren, modu horretara justizia egingo zalakoan.

Epaileen puntuazinoak holan geratu ziran: Igor Elortza lehenengo (710), Maialen Lujanbio bigarren (707,5), Julio Soto hirugarren (671), Jone Uria laugarren (668,5), Agin Laburu bosgarren (634,5) eta Iñaki Apalategi seigarren (633,5).

Hurrengo saioa zapatuan, abenduak 2, jokatuko da, Iruñean. Azken finalaurrekoa izango da eta, beraz, hango emoitzen arabera zehaztuko da finalean Amets Arzallus txapeldunagaz batera oholtzan izango dan zazpikotea. Honeek izango dira Iruñean: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Miren Amuriza, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu