'Herejeen alaba' saiakerea idatzi dau Ander Berrojalbizek

Bizkaie! 2017-11-23 11:53   Kulturea

Joseba Sarrionandiak ondutako Kristalezko bihotza da liburuaren abiapuntua.

Ander Berrojalbiz (Argazkia: Tabakalera) | Ikusi handiago | Argazki originala

Joseba Sarrionandiaren Kristalezko bihotza liburua da Ander Berrojalbizek idatzi dauen saiakerearen abiapuntua. Honetan fraile bat Orreagatik Durangorantz abiatzen da eta Bizkaiko herrira heltzean, hamabi hereje erreko dituela jakingo dau, horreen artean ume bat, herejeen alabea.

Sarrionandiaren testuagaz batera, egileak beste zati bitan banatu dau Herejeen alaba liburua: alde batetik Berrojalbizek berak gai honeen ganean egin dauen ikerketea eta bestetik, hiru eranskinez osotuta dagoan atala, Durangon XV. mendetik XIX. mendera izandako herejia guztien laburpen bategaz.

Berrojalbiz Sarrionandiaren narrazinoan azaltzen dan gertakari horreen ganean ikertzen ebilenean, biek iturri beretik edan ebela konturatu zan. Sarrionandiak 1980ko hamarkadan idatzi eban narrazinoa eta Berrojalbizek kontau dauenaren arabera, gai honen ganeko historia ikertzen ebilela deskubridu eban Iurretako idazlearen liburua, izan be, autortu dauenez, jente gitxik ezagutzen dauen narrazinoa da.

Kristalezko bihotzak, iturri historikoetan gordetako errealidadea fikzinoagaz buztartzen dauen narrazinoa da. Baina Herejeen alaba saiakerearen kasuan, barriz, proiektu honen eragile izan diran aurkikuntzek agirian laga dabenez, errealidadea eta fikzinoaren arteko loturea guztiz korapilotsua da, historia eta istorioaren hainbat geruzatan azaltzen dana.

Berrojalbizek mueta honetako bigarren saiakerea dau Herejeen alaba, igaz Los herejes de Amboto liburua ondu eban. Biak Pamiela argitaletxeagaz plazaratu ditu. Durangoko idazleak gustuko ditu gai honen inguruko historia eta istorioak eta bere herrian izandako jazoeretan jarri dau arretea batez be. Ikerketen fruitu dira, hain zuzen, aitaturiko lan biak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu