Getxo Aixerrota Boleibol Taldeak jasoko dau Argia Ereiten saria

Bizkaie! 2017-11-23 10:15   Euskerea berbagai

Eguenean, hilaren 30ean, Getxoko Faduran 20:00ean izango da ekitaldia.

1999an sortu zan Aixerrota Boleibol Taldea eta hasieratik argi izan eban bere jarduna euskeraz naturaltasun osoz izan behar zala. Horrregaitik urte honeetan euskerearen gizarte erabilerea babestu, sustatu eta hedatzeko egindakoa autortu eta goraipatu nahi izan dau Getxoko Udalak.

Aurten sariak itxurea aldatu dau, etapa barri bati hasierea emoteko asmoz, eta Ibon Garagartza artista gazteak egindako ikurra izango da, forma paraleloz osotutako eskulturea.

Taldea Aixerrota institutuan, nesken kirola indartzeko eskola ordutegitik kanpoko jarduera izateko sortu zan. Sasoi haretan institutuko irakaslea zan Alberto Olalde, ordutik hona kirol talde horretako presidentea eta entrenatzailea be bada eta azaldu dauenez, hiru zutabe izan genduzan kluba sortzerakoan: Lehenengoa, kirola, batez be, nesken artean boleibola bultzatzea, bigarrena euskeraz egitea gure hizkuntzea dalako, eta hirugarrena, nazinoartekotasuna, gu garena eta guk egiten doguna kanpoan erakustea, eta horregaitik urteetan zehar egin ditugun alkartrukeak. Hori guztia normaltasun osoz egin dau Aixerrota taldeak, eta normaltasunez bultzatu dau beti emakumeen kirola.

Aixerrota taldeak hasieratik hainbat talde izan ditu maila desbardinatan eta une honetan 100 bat jokalari dagoz, 8 urtetik hasita, eta batzuek 8-10 urte daroez olgetan; horreetako bat da Maider Santxo. 9 urtegaz hasi zan  eta gaur egun Batxilergoko bigarren mailan dago. Jarraitzen dau taldean eta ganera orain hiru urtetik entrenatzailea be da. Taldean txikitatik lagundu deuskue euskeraz egiten boleibolean eta guk jokalari moduan boleibola eta euskerea lotu ditugu beti. Orain entrenatzaile moduan bardin, txikiei laguntzen saiatzen.

 Urte honeetan guztietan sari piloa irabazi ditu taldeak, baina presidenteak garrantzi handiagoa emoten deutso bizi izandakoari. Kirol emoitzakaz, bidaiakaz eta alkartrukeakaz asko gozau dabe jokalariek, asko ikasi dabe, beste kultura batzuk ikusi eta ezagutu dituelako. Bidaiak, besteak beste, Frantzia, Holanda, Txekia eta Poloniara izan dira eta leku guztietara eroan dabe euskerea. Eretxi berekoa izan da Maider Santxo; berak autortu dauenez, kirol ibilbidean nahiko emoitza onak izan arren, niri boleibolak emon deustan gauzarik onena izan da bidaiatzea. Batzuek buruan irabaztea baino ez dabe, baina guri buruan sartu deuskue esfortzua egin behar dogula gauzak lortzeko. Sari bat ez da bakarrik domina bat irabazi edo txapeldun izatea, saria da txapelketetara joan ahal izatea, kanpoko jentea ezagutzea, lagunak egitea....

 

Poza eta esker ona  

Aixerrota Boleibol taldeko jokalariak eta entrenatzaileak  sariagaz pozik, indartuta eta animosoago ibilten gara. Ni pozik nago klubaren barruko egitureagaz eta Getxoko udalak beti eskaini deuskun laguntzinoagaz. Baikor naz eta uste dot aurrera egingo dogula, gure nortasunean dagoalako, autortu dau Olaldek, eta amaitu dau esaten, ez dabela saria bilatu baina beti eskertzen da, poza eta esker ona, ezin dogu beste ezer esan.

Maider eta bere kideak be oso pozik dagoz sariagaz: Ezbardina izan da, talde osoari emon deuskuelako. Euskerea begiratzeko beste modu bat da, hau da, euskerea beste arlo batean, kirolean, ganera emakumeen kirolean erabilteagatik. Maiderrek beste gazte kirolariei eskatu deutse, hasieran apur bat gatxa izan arren, euskerea kirolagaz be lotzeko, euskerea altxor bat dalako eta kirola egiterakoan be erabili behar dogulako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu