'Bas(h)oan' diskoa ondu dabe Achiarytarrek eta Joseba Irazokik
2017-11-23 09:20 MusikeaLanak esperimentazinoa dau oinarri eta Elkar argitaletxeak kaleratu dau.
Ipar Amerikako Robbie Basho (1940-1986) musikariaren lana eta pensamendua eurenganatu ditue Beñat eta Julen Achiaryk eta Joseba Irazokik. Lanak esperimentazinoa dau oinarri eta herri musikearentzat bide barriak proponiduten ditu, Bashoren moduko aitzindariaren arrastoari jarraituta, egiaren bila, beti arakatzen eta beti aurrera eginez.
Hirukotearentzat musikea, batez be, komuniketako lengoaia da, unirbersala eta bateratzailea. Musikari honeen kasuan ganera, hortxe kokatzen da euren jarduerearen interesgunea, momentu eta leku baten gertatzen dan horren kontaketa musikala da helburu eta diskoan erakutsi daben legez, ezohiko teknikak, afinazino eregiak eta eskala bereziak erabili ditue. Era berean, mendebaldeko konposizinoaren eta bluesaren eraginak igarten dira, entzuleei oihartzun handiko solasaldi musikalak eskaintzeko.
Kontuak kontu, lan honetan, interpretazinoa bera be sorkuntza bihurtzen da, somatzen erraza dan arren, egiten oso gatxa dan ariketea.
Bas(h)oan diskoa hamabi piezez osotuta dago eta horreetatik bost Robbie Bashoren abestien bersinoak dira, kasu batzuetan euskeratuak. Beste bat, barriz, Maitiak bilhua holli, kantu zuberotar herrikoia da. Ganerakoak taldearen berezko konposizinoak dira.
Hirukoagaz batera, Itxaro Borda, Mikel Azpiroz, Jules Rousseau eta Ramon Zabalegi kolaborazino lanetan ibili dira.
Taldekideen konpromisoakaitik eta, taldea zuzenean ikustea ez da erraza izango baina oraingoz kontzertu bakarra dabe iragarrita: abenduaren 14an, eguenean, Donostiako Viktoria Eugeniako Club aretoan, 20:00retan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!