Toloño mendilerroaren inguruko azterlana aurkeztu dau Euskaltzaindiak
2017-11-23 08:29 Euskerea berbagaiEremu haretako leku-izenakaz egon leitekezan zalantzak argitzen ahalegindu dira.
José Ángel Chascok idatzi dau Sierra de Toloño, nexo de la Montaña y la Rioja Alavesa liburua. Beragaz batera, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendariak, Joseba Pérez de Heredia Arabako Foru Aldundiko Kultura diputaduak eta Roberto González de Viñaspre euskaltzainak parte hartu dabe Gasteizen egindako aurkezpenean.
Iturri historikoak eta tradizinozko erabilerak sakon aztertuta, Arabako hegoaldeko Toloño mendilerroko izenen forma egokienak bilatzea izan da Chascoren asmoa. Inguru guztiaren izena bera be zalantza iturri da: Toloño, Kantabria eta abar deitu izan jako mendilerroari. Chascok ondorioztau dauenez, Toloño mendilerroa deitzea da aproposena, izan be, izen horixe da bertako biztanleek erabili izan dabena.
Euskaltzaindiaren Izenak bildumako zazpigarren alea da Toloñori buruzko hau. Ikerlan zorrotz eta mamintsua dala azpimarratu dau Akademiak, eta ulertzen erraza gai honetan interesa daukien zale zein herritarrentzat. Datu ugariren bidez arrazoitu ditu Chascok liburuan agertutako baieztapenak.
Dana dala, hau ez da Toloño mendilerroaren inguruan ikerlana egin dan lehenengo aldia. Euskaltzaindiak berak 1990ean emon eban toponimo horren ganeko eretxia, Euskera aldizkarian. Ondoren, Toloño mendilerroa toponimoa egokitzat jo eban Onomastika batzordeak, 1998an. Geroago, 2010ean datu gehiago plazaratu zituen eta orain arteko lan horren jarraipena da Chascorena.
Toponimo batek berba egiten deusku espazio horretan bizi izan diran personen historiaz, euren kulturaz, sinismenez eta alkarregaz komuniketako erabili daben hizkuntzaz, adierazo dau Estibaliz Alkortak. Ganera, ziurtatu dau liburu honen zabalkundea egingo dauela Jaurlaritzeak, ikerlan zorrotz eta mamintsuaren emoitzak herritarren artean banatuz. Joseba Pérez de Heredia be pozik agertu da ikerlanagaz: Eskerrak emon behar deutsadaz egileari, emoten dituan datuak testigantzetan, une historikoetan, mapetan zein literatura testuetan sendo oinarrituta dagozalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!