Gazteek YouTube euskeraz be erabili daien lan egingo dabe Azkuek eta Bilbok
2017-11-22 11:12 Euskerea berbagaiB-Tuber egitasmoaren barruan ikastaroak antolatuko ditue.
Gaur egun, bideoak partekatzeko aukerea emoten dauen YouTube plataformea da sare sozialik erabilienetako eta arrakastatsuenetako bat sare sozialen artean. Neska-mutilen artean daukan eragina ikusirik, plataformako edukiak euskeraz sortu deiezan animauko ditue Azkue Fundazinoak eta Bilboko Udalak, B-Tuber izeneko kanpainearen bidez.
Bilbon bizi diran gazteak, 14 eta 17 urte bitartekoak, izango dira egitasmoaren helburua. Kanpainearen barri emoteko, 10.000 etxetara posta bidezko informazinoa bialdu dau Udalak. Gazteek astialdian gehien erabilten daben baliabideetako bat YouTube danez, plataforma horretarako euskerazko bideoak sortu eta igoteko argibideak, baliabideak eta motibazinoa emotea da bultzatzaileen asmoa.
Hasteko eta behin, dobako ikastaroak antolatu ditue, neska-mutilak Gabonetako oporretan dagozanerako. Hiru egunetan banatutako 12 orduko kursoa izango da eta hiru txanda egongo dira aukeran: abenduaren 26tik 28ra: abenduaren 29 eta 30ean eta urtarrilaren 2an; eta urtarrilaren 3tik 5era. Izena emoteko epea zemendiaren 27an zabalduko dabe eta abenduaren 22ra artekoa izango da.
San Inazion, Euskerearen Etxean emongo daben ikastaroak alderdi ludikoa eta praktikoa buztartuko dau. Udalak eta Azkuek azpimarratu dabenez, benetako youtuber bihurtu nahi dabenentzako gai interesgarriak landuko ditue: YouTuben kontu bat sortzeko urratsak; perfila personalizetea, Videopad programeagaz zelan grabau eta montau, post-produkzinorako beste persona batzuen irudiak erabiltea, ikustaldi gehiago izateko estrategiak eta abar.
Ikastaroaren inguruko informazino gehiago, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!