Belaunaldien arteko zubi izateko jaio da 'Jira Bueltan' liburu-DVDa
2017-11-20 12:15 Euskerea berbagaiAhotsak proiektuan jasotako hainbat kantu-jolas egokitu ditue, 12 urtera arteko umeentzat.
Badihardugu euskera alkarteak 50 kantuko bildumea atondu dau, 0 eta 12 urte bitarteko neska-mutilakan pentsauta, Ahotsak proiektuko materiala erabilita. Izan be, euskal hiztunen belaunaldi zaharrenetako lekukotzak batzeaz arduratzen dan egitasmo horretan, umeentzako kantu-jolas ugari dagozala ikusi dabe. Horreetako batzuk aukeratu, gaur egungo neska-mutilen gustura egokitu eta liburutxu-DVD baten plazaratu ditue.
Jira Bueltan diskoan 50 pieza sartu ditue, era askotakoak: Sokasaltorako, esku-jolasak egiteko, ume txikientzat eta abar. Umeentzat zein eurakaz olgau nahi dauen edozeinentzat da aproposa materiala, hau da, irakasle, guraso, hezitzaile eta bestelakoentzat. DVDan kantu guztien grabazinoa dago eta, liburutxuan, ostera, azalpenak eta abesti guztien berbak. Ganera, Eider Eibarren marrazkiak dakarz.
Argitalpena edadeko jenteari entzun eta grabautako kantuetan oinarritzen danez, belaunaldien arteko zubilana egingo dau, ahozko transmisinoa dalako helburuetako bat. Aurreko belaunaldien olgetak eta kantuak bizibarrituko ditue. Edadeko 60 lekuko ingururen testigantzetan oinarritu dira DVDko abestiak batzeko.
Badihardugu alkarteak lau udalen laguntzinoa izan dau proiektu honetan: Eibar, Elgoibar, Aretxabaleta eta Eskoriatzakoak. Lau herri horreetako ikastetxeetako 300 ume ingurugaz landu ditue Ahotsak proiektuko lekukotzetan jasotako kantu-jolas ugari, 2011tik gaur arte. Urte honeetan guztietan biduma oparoa osotu dabela ikusita, 50 kantu aukeratu eta DVDa plazaratzea erabagi dabe.
Eibar, Elgoibar, Aretxabaleta eta Eskoriatzako ikastetxeetan ez eze, Durangoko Azokan be erosi ahal izango da liburu-DVDa. Ganera, argitalpenean jasotako material ugari sarean dago edonork ikusteko moduan, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!