Hizkuntza-politikak berrikusteko deia egin dau Kontseiluak

Bizkaie! 2017-11-17 08:36   Euskerea berbagai

Urteko balantzea egin dau Paul Bilbaok, eta aurrera begirako erronkak zehaztu.

Paul Bilbao azalpenak emoten (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

2017an hizkuntza politikeak eta euskerearen normalizazinoak emon dabena aztertu dau Kontseiluak, Paul Bilbao erakundeko idazkari nagusiak gidatutako ekitaldian. Bertan izan dira Kontseiluaren barruko erakundeen ordezkariak eta 50 eragile inguru. Lau faktore aintzat hartu ditu Bilbaok, balorazinoa egiteko orduan: Herri gogoa, legedia, plangintzak eta baliabideak.

Ganera, euskerearen osasuna zein dan erakusten daben inkesta handi bi egin dira 2017an, Bilbaok gogoratu dauenez. Datu guztiak kontuan hartuta, Kontseiluaren ondorioa argia da: Hizkuntza-politikak modu sakonean berrikustea beharrezkoa da; Hizkuntza-politikak ikuspegi integratzailea ardatz hartuta garatu behar doguz, administrazinoko sail eta maila guztietan eraginez, adierazo dau Bilbaok; bada sasoia instituzinoen eta euskalgintzako eragileen arteko konplizidadez eregitako eta hizkuntza-eskubideen bermea ardatz izango dauen hizkuntza-politikea abian jarteko.

Aitatutako lau zutabeen azterketeari jagokonez, Bilbaok adierazo dau urteko balantzeak erakutsi dauela euskerearen aldeko gizarte mobimenduak euren burua eta euren egitasmoak barritu eta erabarritzeko daben gaitasuna. Kontseiluko ordezkariaren arabera, gaitasun hori barik, nekez ulertu leitekez Korrikaren erantzun ona, Euskarak 365 Egun egitasmoa eta halakoak. Horrek agirian ixten dau euskerearen normalizazinoaren aldeko herri gogo indartsua, Paul Bilbaoren ustez.

Hizkuntza-politiken atalean, barrikuntzarik handienak Nafarroatik etorri dirala gogoratu dau Kontseiluko arduradunak. Ipar Euskal Herriari jagokonez, instituzionalizazino-prozesuak eta horren ondorioz sortutako Euskal Hirigune Elkargoak hizkuntza-politikan aukera barriak sortu ahal izango dituala adierazo dau. Euskal Autonomia Erkidegoan, ostera, aspaldiko urteotan hizkuntza-politiketan barrikuntza handirik sumatu ez arren, hizkuntza-politikan lankidetza barrietarako aukeren atea zabaltzen hasi dan seinaleak ikusten dirala esan dau Bilbaok.

Azterketa horretan oinarrituta, Kontseiluko ordezkariak azpimarratu dau hurrengo hilebeteotan euskerearen normalizazinoan garrantzia izan leikien erabagiak hartuko dirala, eta beraz, Euskalgintzeak eta Kontseiluak adi egon behar dabela horreetan guztietan eragiteko. 2018an, euskerearen normalizazinoan jauzia egiteko aukerea ikusten dau Bilbaok.

Bide horretan, Kontseilua dagoeneko lantzen dabil Protokoloaren Euskal Herriko Kaiera dalako egitasmoa, 50 eragile baino gehiagogaz alkarlanean. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Oinarrizko Protokoloak hizkuntza-politikak garatzeko eskaintzen dauen marko aproposa aprobetxetea da asmoa, hau da, Euskal Herriko errealidadetik abiatuta, hizkuntza-eskubideak babesteko neurri efektiboak eta zehatzak zehazteko bidean sakondu nahi dabe.

Kontseiluak aurkeztutako txostena, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu