Ane Labaka eta Beñat Muguruza saritu ditue Mintzolak eta Laboa Katedreak
2017-11-17 08:17 BertsolaritzeaBertsolaritzeagaz lotutako ikerketa bana egingo dabe.
Mintzola Ahozko Lantegiak eta EHUren Mikel Laboa Katedreak bertsolaritzeari buruzko ikerketa proiektuen deialdia egin eben. Mintzolak ohar baten azaldu dauenez, laguntzinoa jasoko daben proiektu biak zeintzuk izango diran erabagi dabe: Ane Labakarena da bat, Beñat Muguruzak aurkeztutakoa bestea.
Labakak generoaren ikuspegitik aztertu izan dau bertsolaritzea hainbat ikerketa eta proiektutan. Esate baterako, sariketa honen beraren aurreko deialdi baten generoa eta umorea jorratu zituan. Hain zuzen be, bide beretik joko dau orain saritutako proiektuan. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko umorea aztergai, genero-ikuspegitik da bere ikerlanaren izenburua. Labaka bertsolaria da, baina ez dago txapelketan parte hartzen.
Beste proiektuak, Beñat Muguruzarenak, euskereagaz lotura handia dauka, hitanoak bertsolarien jardunean izan dauen bilakaerea eta gaur egungo egoerea aztertuko ditu eta. Gizartean legez, bertsotan be lehen baino gitxiago entzuten dira hitanoko formak, eta jokera hori zehaztasunez aztertuko dau Hitanoa bertsolaritzan, behera baina nola? izeneko lanean.
Aurtengo deialdian, Gidor Bilbao, Juan Kruz Igerabide eta Karlos Aizpurua egon dira epaimahaian. Hiru proiektu aurkeztu ziran, baina hautagaietako batek ez zituan baldintza guztiak beteten eta, beraz, Ane Labakarena eta Beñat Muguruzarena baino ez ditu aztertu epaimahaiak eta biak be saritzeko modukoak dirala ebatzi dabe.
Mintzolak eta Mikel Laboa Katedreak 2014tik egiten dabe ikerketa-proiektuak bultzatzeko deialdia, bertsolaritzea ikertzen dabenei doktore tesietarako bidea errazteko asmoz. Mintzolak berak azpimarratu dau, deialdi honi eta beste erakunde batzuek egiten dituenei esker, gaur egun bertsolaritzearen inguruko ikerlan ugari dagozala eskura.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!