Bizkaiko musikari amateurrei laguntzeko sarea sortu dabe
2017-11-16 13:06 MusikeaBesteak beste, formakuntzea eta aholkularitzea emongo ditue Musika Master-en.
Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak adierazo dauenez, Bizkaian badago talentua, baita musikearen alorrean be, baina askotan publikoak ez dau ezagutzen. Euren lokaletan joten dabe talde edo bakarlari askok, baina ez daukie kontzertuak emoteko azpiegiturarik. Horri konponbidea emoteko sortu dabe Musika Master ekimena, musikari amateurrak gogoan. Bizkaiko Foru Aldundia da bultzatzaileetako bat.
Proiektua eta markea da, aldi berean, Musika Master, bultzatzaileek adierazo dabenez. Helburua Bizkaiko talentu musikala erakutsi eta indartzea da, hainbat baliabide eskainita: Talde amateurrei euren lana ezagutarazoteko bideak zabaltzea, zuzeneko emonaldiak lotzen laguntzea, alkarlana bultzatzea artisten eta erakundeen artean, formakuntzea zein aholkularitzea emotea... Sinergiak sortu nahi doguz, zehaztu dau Bilbaok.
Proiektuaren arduradun Jorge Hernando eta Lino Prietok dinoe musikarien arteko hartu-emonak lantzea be garrantzitsua izango dala, alkar ezagututa aukerak ugarituko jakez eta. Formakuntzeari jagokonez, Hernandok eta Prietok azaldu dabe talde amateurren kezka eta beharrizanei erantzuten ahaleginduko dirala; esaterako, sare sozialak zelan kudeatu erakutsita, edo bildur eszenikoa kentzeko tailerrak antolatuta.
Giro amateurrean dabilen Bizkaiko edozein musikarik parte hartu ahal izango dau Musika Masterren, ezelako muga barik, Lorea Bilbaok azpimarratu dauenez. Hau da, bakarlari zein taldea izan, gaitasun musikal bikaina zein apalagoa izan, danek daukie proiektuagaz bat egiteko aukerea. Estilo aldetik be, danak dira ondoetorriak, metaletik hasi eta klasikoraino.
Hasikera baten, Ezkerraldeko Santurtzin, Portugaleten, Sestaon eta Barakaldon, ekingo deutsie proiektuari; hor probauko dabe bere eraginkortasuna, Bizkai osora zabaldu aurretik. Lehenik, herriotako errealidade musikala ezagutuko dogu, inkesten bidez, lokaletara bisitak eginaz... azaldu dabe Hernandok eta Prietok. Ondoren, bakotxari jagokon aholkularitzea emoten hasiko dira, zalantzak argituz eta baliabideak eskainiz.
Musikearen harrobia sendotu gura dogu, adierazo dau Lorea Bilbaok, publikoaren begietatik urrun dagoana erakutsi. Webgunea atondu dabe, proiektuko parte-hartzaile guztien topaleku izan daiten (oraindino ez dago guztiz prest). Bertan egongo dira artista guztien datuak eta baita euren interesekoak diran eragileen kontaktuak be. Agendea be egingo dabe, parte-hartzaile guztien barri emoteko, bai zaleei, baita hedabideei be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!