Kiroletan euskerea sustatzeko ekimen barritzailea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2017-11-16 12:48   Euskerea berbagai

Eremu digitalean eta sare sozialetan gauzatuko da Euskal Kirolari proiektua.

Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, aurkeztu dau gaur proiektua Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak. Ekimen honen helburua da euskerearen erabilerea sustatzea kirol munduan, batez be gazteen artean. Eremu digitalean eta sare sozialetan gauzatuko da proiektua gehienbat, eta punta-puntako kirolariak erabiliko ditu amu moduan, euskerea indartzeko. Honeek hainbat bideo grabau ditue euskereagaz daben loturea azalduz edota euren kirolari loturiko euskerazko terminologia argituz. Grabaketak, tonu informalean eta modu dinamikoan landuak, kirol federazinoetan, klubetan edota ikastegietan zabalduko dira, euskerearen erabilerea sustatzeko erreminta barritzaile bat eskaintzeko asmoz.

Proiektuaren hasierako edizinoak bost bideo dakarz eta zazpi kirolarik parte hartu dabe: Mikel Landak txirrindularitzearen euskal hiztegia ezagutzen dauela argitu eta gauza bera egiten dau, beste bideo baten, Julen Goia errugbilariak. San Juan Koxtape Arraun Alkarteko patroi Nerea Perezek azaltzen dauenez, euskerea hizkuntza nagusia da joan zan irailean Kontxako Banderea irabazi eban traineruan, eta Iñigo Martinez Realeko jokalariak adierazo dauenez, euskerea sasoi betean dago txuri-urdinen aldagelan. Ondarroako erdiko atzelaria Athleticeko Kepa Arrizabalagagaz batera agertzen da bideoan, eta atezainak lehoien arteko euskerearen erabilerearen ganeko pasarteren bat azaldu dau bere txandan. Beste bideo baten, Aritz Aranburu surflariak eta eskubaloi jokalari ohi Matxalen Ziarsolok euskereagaz eta olatueakaz daben zaletasunaz berbea egin dabe.

Alkarrizketa guztietako arduraduna Gaztea irratiko Egoitz Txurruka Txurru esatari ezaguna izan da; gaurko prentsaurrekoan proiektuaren zehaztasunak emon ditu eta youtuber lanetan zelan sentidu dan azaldu dau. Bere alboan Nerea Perez, Mikel Landa eta Julen Goia egon dira.

Aurkezpenean, Jose Angel Iribar atezain mitikoa egon da Athletic taldearen izenean, baita Realeko batzordekide Nekane Soria be. Proiektua sortarazo dauen IKOM enpresako arduradun Izaro Iraetak be bertan parte hartu dau.

Zupiriak azaldu dauenez, belaunaldi gazteak dira euskera gehien erabilten dabenak, baina ezin da ahaztu eremu soziolinguistiko batzuetan zailtasunak dituela. Eta ganeratu dau erakundeen betebeharra dala lanean jarraitzea aukera, erraztasun eta erreminta gehiago gazteei emon ahal izateko euskeraz bizi daitezan, baita eremu informaletan be, aisialdiaren edo kirolaren eremuetan.

Ekimenaren bidez, ganera, beste bultzada bat emon nahi deutsie Eusko Jaurlaritzeak, Elhuyar-egaz batera, egindako hiztegi terminologikoei.

Lehenengo bost bideoak 2017ko azken asteotan zehar eta 2018ko lehenengoetan zabalduko dira, eta proiektuak jarraipena izango dau 2018an, protagonista barriakaz. Pieza honeek Euskal Kirolari-ren youtubeko kanalean, sare sozialetan eta webgunean kontsultau daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu