Ibon Sarasolari emon deutsie Abbadia Saria

Bizkaie! 2017-11-16 09:45   Euskerea berbagai

Euskera batuari egin deutson ekarpena azpimarratu dau Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Euskerearen nazinoarteko egunaren harira, urtero emoten dau Abbadia Saria Gipuzkoako Aldundiak, euskerearen aldeko lanean nabarmendu diran personen lana txalotu eta gizarteratzeko. Aurtengo saritua Ibon Sarasola hizkuntzalaria (Donostia, 1946) izango da. Epaimahaiak, batez be, Sarasolak euskera batuaren alde egin dauen ekarpena aitatu dau, eragin eta garrantzi handiko lana izan dalako.

Aldundiko Euskera diputadu Mikel Irizarrek Sarasola zoriondu dau, eta ondo merezidutako autortzea dala ganeratu. Euskera batuari egin deutsan ekarpena gogoratu dau Irizarrek, adibidez lexikografiaren eta hiztegigintzearen esparruan, baina beste arlo batzuk ahaztu barik.

Ibon Sarasola EHUko Letren Fakultadeko katedraduna da eta euskaltzain osoa 1988tik. Euskera batuaren hiztegi arau-emoilea egiteko txostena aurkeztu ebanetik, hiztegigintzea eta lexikoa lantzen ibili da. Holan, Orotariko Euskal Hiztegiaren eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren zuzendari izan da, eta euskerazko korpusak sortzeko proiektuak gidatu ditu.

Euskal literaturearen historiaz zein dialektologiaz be sarri idatzi izan dau Sarasolak. 1997ko Euskara batuaren ajeak liburuak zeresana emon eban, baita orain dala hile batzuk ateratako Bitakora kaiera-k be.

Horrezaz gan, euskera batuaren sorreraz, garapenaz eta geroaz gogoeta ugari egin ditu. Saiakerak ez eze, fikzinoa eta poesia be argitaratuak ditu.

Azken buruan, abenduaren 1ean emongo deutsie Sarasolari Abbadia Saria, Donostiako Foru Jauregian egingo dan ekitaldian. Xare Alvarez artista donostiar gazteak egindako oroigarria jasoko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu