Deloreanek diskoa kaleratu dau Mikel Laboaren lanean oinarrituta

Bizkaie! 2017-11-15 12:32   Musikea

Zazpi kantuz osoturiko lana Elkar diskoetxeak argitaratu dau.

Mikel Laboa da disko barriaren izena. Zarauztarrek kantari eta sortzaile donostiarraren omenez grabau dabe zazpi piezaz osotutako lan hau. Musikariek autortu dabenez, lan barria oso berezia da eurentzat eta gogo handia izan dabe diskoa aurkezteko.

Taldeak Laboaren kantu klasikoak musikea sentiduteko molde barrietara ekarteko lana egin dau, Donostiakoaren jatorrizko grabaketetako pistak erabilita, lengoaia bizkor eta bizia erabiliz, uniberso barri bat eregiz.

Zazpi piezek jatorrizko kantuen esentziari eusten deutsie, lehena Kantuz da eta joan dan hilean aurkeztu eben.

Mikel Laboa (1935-2008) eragin handiko artistea izan zan, bai bere belaunaldiko sortzaileen artean, baita ondoren etorri diranentzat be. Itxuraz, Mikel Laboaren eta Deloreanen estiloen artean alde handia badago be, taldeak esperimentazinorako bidea zabaldu dau eta Laboa izan dabe inspirazino iturri. Bide barriak urratu eta emozino barriak topetako asmoz ekin deutsie proiektuari, Elkar argitaletxeak azaldu dauenez.

Delorean orain dala 17 urte sortu zan eta dagoeneko bederatzi disko argitaratu ditue. AEB, Errusia, Frantzia, Alemania eta Mexikoko zerrendetan egon da.

Estudioko lan barri hau BIME Liven eskainitako kontzertu gogoangarriaren ostean dator eta LP eta CD formatoetan jarri  dabe salgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu