Mikel Laboa gogoratzeko abestia plazaratu dau Deloreanek

Bizkaie! 2017-10-13 08:24   Musikea

Kantari donostiar ezagunari buruzko diskoaren lehenengo pausua da Kantuz.

Mikel Laboa (1935-2008) eragin handiko artistea izan zan, bai bere belaunaldiko sortzaileen artean, baita ondoren etorri diranentzat be. Itxuraz, Mikel Laboaren eta Deloreanen estiloen artean alde handia badago be, taldeak esperimentazinorako bidea zabaldu eta Laboa izan dabe inspirazino iturri. Bide barriak urratu eta emozino barriak topetako asmoz ekin deutsie proiektuari, Elkar argitaletxeak azaldu dauenez.

Zemendiaren 15ean, beraz, Mikel Laboa izeneko diskoa argitaratuko dau Delorean banda gipuzkoarrak. Zazpi abestiko bildumea izango da. Laboaren jakin-min mugabakoan eta euskal musikan izan eban eragin sakonean oinarritu dira lan hau sortzeko. Barritzaile, bide-urratzaile, aurrerakoi, solidario, ohiko kantuen zale, poesiazale eta esperimentatzailea izan zan Laboa, Elkarren esanetan. Deloreanentzat eredu da hori guztia.

Diskoa plazaratu baino lehen, aurrerapentxu bat eskaini deutse Deloreanek zaleei: Kantuz izeneko piezea bildumako lehenengoa da eta dagoeneko entzungai dago. Mikel Laboak 1980an grabautako kantu herrikoiak dira abesti barriaren oinarriak eta, hortaz, donostiarraren ahotsa be entzun leiteke, Deloreanen instrumentazinoagaz batera.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu