Joseba Intxaustiren obrea digitalizau dau Jakinek
2017-11-15 12:11 Euskerea berbagaiHistorialari eta euskaltzale gipuzkoarraren 504 dokumentu publikoaren esku dagoz sarean.
Jakin Taldeko lau kide historikoen (Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti eta Joan Mari Torrealdai) obra osoa digitalizetako lanari ekin eutsan Jakinek orain dala urte batzuk, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzinoagaz. Azurmendirena izan zan lehenengoa eta, orain, bigarren pausua bete dau egitasmoak: Joseba Intxausti Rekondo (Segura, 1936) euskaltzale eta historialariaren obra osoa sarean dago eskuragarri.
Obra oparoa ez eze, denporan luzea be bada Intxaustirena, izan be, 60 urtean idatzitako lanak batu ditu Jakinek: 1950eko hamarkadatik gaur arte. Intxausti aitzindaria izan zan euskerearen historia soziala eta Euskal Herriaren historia erlijiosoa aztertzen eta, horrezaz gan, euskereagaz lotutako beste gai batzuetan be ibili izan da, adibidez terminologian.
Gaztea zala hasi zituan hartu-emonak Jakinegaz. Urte hareetan nagusi zan garbizalekeriari aurre egin eutsan. Bestetik, UZEIren sorreran be parte hartu eban eta Anaitasuna aldizkariaren zuzendari izan zan. Azken urteotan zeregin nagusi bi izan ditu Intxaustik: Batetik, euskerearen historia sozialaren ikerketa sistematikoaren jarraipena ziurtatu dau Euskaltzaindiaren Joanes Etxeberri proiektuaren bidez, eta, bestetik, Euskal Herriko historia erlijiosoaren ikerketan sakondu dau. Ohorezko euskaltzaina da 2004tik.
Kontuak kontu, 504 dokumentu batu, aztertu eta digitalizau ditu Jakinek, 11.684 orrialde guztira. 1957koa da testu zaharrena eta aurtengo urrikoa barriena. Artikuluak idazten nabarmendu da Intxausti (365 batu ditue), baina liburugintzan be ekarpen handia egin dau, 36 argitaratu ditu eta, beste 103tan parte hartzeaz ganera.
Interesa daukien guztiek kontsultau leikie digitalizautako obren bildumea, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!