Azken 50 urteotako euskal artearen alderdi ezezaguna, 2018an Bilbon
2017-11-14 12:14 KultureaPetronor enpresearen 50. urteurrenaren harira, erakusketa berezia ipiniko dabe Arte Eder Museoan.
Petronorren presidente Emiliano López Atxurrak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak eranskina sinatu dabe, Petronor Bilboko Arte Eder Museoa Fundazinoaren Patronatuan sartzeko maiatzean sinatutako lankidetza-hitzarmena zabaltzeko. Akordio barriaren bidez, Petronorrek ekarpen ekonomikoa handituko dau, erakusketa berezi bat egiteko, hain zuzen. Erakusketea Petronorren mende erdiko ibilbidea gogoratzeko modua izango da, enpresearen eta euskal artearen ibilbidea parean jarrita. Izan be, 1968an zabaldu eban Muskizeko fabrikea eta urte haretatik gaur egunera euskal arteak emondakoa jorratuko dau erakusketa barriak; 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018 izenburupean, Euskal Herriko sorkuntzearen ikuspegi zabal eta ezezaguna emotea da helburua.
Lankidetza-hitzarmena sinatzeko ekitaldian azaldu dabenez, erakusketea ez dabe datorren urtera arte zabalduko, hau da, Petronorrek 50 urteak bete arte itxarongo dabe. Hain zuzen be, asmoa da 2018ko zemenditik 2019ko apirilera bitartekoa izatea.
Urte enblematikoa izan zan euskal artean 1968a. Gaur taldea sortu eta urte bira, gerra ostean jaiotako belaunaldi barri bat agertu zan, Euskal Eskola beteranoko sortzaileakaz lan egiteko prest, eta goitik behera aldatu zan euskal eszena artistikoa. Harrezkero, bilakaera berezi eta sarritan ezezaguna izan dabe bertoko arte plastikoek. Hori erakusteko, artelanak ez eze, artxiboetako materiala be batuko dabe museoan: egunkariak, liburuak, ikus-entzunezkoak eta abar.
Arte Eder Museoko arduradunen artean dagozan Miriam Alzuri, Begoña González eta Miguel Zugaza dira erakusketako komisarioak. Katalogoa be argitaratuko dabe, aditu ugarik idatzitako testuakaz, 1968tik gaur arte Euskal Herrian sortu diran adierazpen artistikoen azterketarako informazino barria emoteko asmoz.
Datorren urteko erakusketa berezia hartuko dauen eremuak, Arte Eder Museoko eraikin modernoak, loturea dauka euskal artearen azken hamarkadetako bilakaereagaz, izan be, 1970ean zabaldu eben museoaren zati hori eta bertoko sortzaileen bilakaerearen lekuko izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!