Uxue Alberdi: 'Gizartean, ahots apalagoei ez deutsegu arretarik jarten'
2017-11-13 08:00 BarriketanIdazlea, kazetaria eta bertsolaria.
Nagore Vargas personaiaren bidez, belaunaldi oso baten kontaketea proponiduten deusku Uxue Alberdik bere azken elebarrian. Azken hiru hamarkadetako egoera politikoa, drogak, hiesa eta beste gertaera sozialen ganeko erradiografia bat egiten dau. Elgoibarko idazleak hiru urte emon ditu dokumentetan, eta liburua ontzen eta idazten asko disfrutau dauen arren, literatureari jagokonez, deskantsua hartzeko momentua heldu jakola autortu dau.
Alberdik idazten dauen laugarren lana da Jenisjoplin; lehena, Aulki bat elurretan, 2007an ondu eban, handik eta bi urtera Aulki jokoa, eta 2013an, barriz, Euli-giro. Liburu honeez gan, ume eta gazteentzako lanak be idatzi izan ditu, horreen artean nabarmentzekoa da Besarkada lana, 2015ean plazaratu eban eta urtebete geroago Haur eta Gazte Literatura arloko Euskadi Saria emon eutsien.
1.- Nondik dator liburu hau sortzearen idea?
Nire umezaro, nerabezaro eta gaztaroko Elgoibar eta holako herrietan bizi zan giro hori literaturara eroateko gogoa neban aspalditik. Azken baten, guk 1980ko hamarkada zalapartatsu, gordin ha ume ginala bizi izan genduan, bai gatazka politikoa, bai drogakaz egoan arazoa, hiesarena… Modu berean, kaleak bizi-bizi egozan eta alde positibo hori be islatu nahi izan dot liburuan.
Bestalde, gure herriko langile auzo horreek eta Nagore Vargas protagonisteak irudikatzen dauen mundu guzti hori barrutik ez bada be, aldamenean bizi izan neban txikitan eta oso modu intuitiboan izan bada be, nobelan jorratzen diran hainbat gaik gaztetatik emoten deustie zer pentsau. Protagonisteak beraz, hainbat gai jorratzeko aukerea emon deust, bere bizipen propioen bitartez: sasoi haretako gizartea, ibilbide politikoa…
2.- Oso ondo definiduta dago personaia, bere izakeran be nabari da...
Bai, hasieratik oso argi izan neban zelakoa izan behar zan personaia. Umezaroaren eta baldintzen ondorioz, oso izaera gogorra eta irmoa sortu behar izan dauena eta horrek bizirauteko balio izan deutsona hainbat urtetan, baina momentu baten apurtu egingo dana eta ahultasunetik eta malgutasunetik funtzionetan ikasi beharko dauena, beti be bere ideei uko egin barik.
Iruditzen jat ganera, herri moduan be kinka horretan gagozala. Gu jaio ginanean oso posizionamendu gogorra egoan jendartean: eretxiak emoteko modua, berbakerea bera be oso zuzena eta zelanbaiteko bandotan banatuta gengozan, honeetan, hain zuzen be, identidadearen hainbat aspektu nahasten ziran. Bizirauteko hainbat estrategia sortu genduzala begitantzen jat, baina justu gure helduaroan edo kontzientzia garatzen hasten dan horretan, momentu bat heldu da gizarteak beste norabide bat hartu dauena. Mezu, forma eta jarrera zaharrek jada ez dabela hainbeste balio konturatzen gara, baina oraindino kostau egiten jaku zalantzatik eta kontraesanetatik eregiten hastea. Hori da personaia baten bitartez aurrera eroan nahi nebana.
3.- Esaten dozunagaz bat eginez, Nagorek bere gaixotasunaren aurrean dauen jarrerea, Euskal Herrian emon dan egoera politiko, sozial eta kulturalaren metaforatzat hartu daiteke.
Bai. Berez, hiesaren problematikea lehen planora ekarri nahi neban barriro, gu umeak ginala lehenengo planoan egoalako, baina badirudi orain desagertu egin dala, nahiz eta Osakidetzatik esaten danez, bi egunean behin hies kasu bat diagnostiketan dan. Emoten dau bildur hori eta batez be gaixotasunak daukan arrasto sozial eta politikoa erabat ahaztuta dagozala.
Diagnostikoaren atzean dagozan aspektuak jorratu nahi nituan. Medikuntzea adibidez, gaixotasunak eta medikuntza bera gu osatzeko sumisinoa eskatzen deuskun autoridade handi bat dala eta norberaren nortasunaren arabera sumisino hori ez jakula erraza gertatzen eta hori be kudeatu beharreko zeozer dala erakutsi nahi neban.
Hiesaren diagnostikoa bestalde, nire ustez, oso lotuta dago klaseagaz, sexu aukera eta praktikakaz, baita arrazeagaz be. Gaixotasun hau ez dalako bardin diagnostiketan lehenengo mundu zuri honetan edo Afrikan adibidez. Gaiaren ganean, ez da azalpen bera emoten han eta hemen.
Gogoa neban erakusteko baita be, zelan sexualidadean be eragina dauen, hau da, harreman guztietan eta bere identidadearen eraikuntzan asko jarri dauen persona bati holako diagnostiko bat emotean, bere erotikea eta bere harremanak izateko moduan kastrau egiten da eta hortik zelan eregi leiken identidadea barriro.
Aldi berean, espilu joko hori egin nahi neban pultsu sozialagaz.
4.- Medikuek ihesaren aurrean daben jarrerea tabua dala islatzen dozula esango neuke.
Kontraesanak adierazo nahi nituan. Nire asmoa berez, ez zan medikuntzearen kontra egitea. Liburuan amore emotearen idea dago. Politikan be, Katalunian jazotakoa ikusi besterik ez dago, Espainiako gobernutik eta neurri handi baten, gizartetik errendizino totala eskatzen jake katalandarrei eta nik uste dot euskaldunoi be holako zeozer jazo jakula, oso modu gordinean ganera. Medikuntzan be holako zeozer da, hau da, nik zu osatzea nahi badozu, zure kontzientzia ezabatuta geratu behar da, zu ez zara inor erabagiteko eta sumisoa izan behar dozu, umetu egin behar zaitut eta ni izango naz bidea markauko deutsun aita hori. Aitaren figurea be liburuan, metafora moduan dago. Alde batetik, aita erreala Rafa Vargas, baina aita aberria, aita medikuntzea edo orain aitatu dodan aita estadua be agertzen dira.
Umearen edo ondorengoen aurretik jarten dan aitatasun bat dago, bere eskemeagaz eta honetara makurtzen ez dana, ez jako mobiduteko gaitasunik autortuko.
5.- Aita aitatu dozu eta ha be Nagore moduan protagonistatzat hartu leike. Ama, aldiz, bigarren plano baten geratzen da...
Bai, Nagore da aitari begira hazi dan ume bat eta hori be literalki holan da. Modu metaforiko baten be nik uste dot holan bizi izan garela, aitaren edo gure ganetik dagoan ahots maskulino eta gogor horri begira eta horren onespenaren bila, amaren figureak, ostera, oso ahula dirudi. Hasiera baten behintzat, ama be Nagoreren moduan, bere identidadeagaz burrukan dago, hau da, ama bere indentidade zaharra ukatzen dauen personaia bat da eta bizirauteko ahaztu egiten dau.
Holako personaia bat behar neban azaltzeko zelan Nagore aita potente horri begira dagoan, ama isilik eta erdi izkutuan dagoan bitartean. Halan da ze, gerora, Nagoreren begiradak zelan aldatzen diran adierazoten saiatu naz. Protagonistea amaieran konturatuko da ez dala amari begira egon, ahaztu egin jakola begiratzea. Uste dot gizartean be hori gertatzen jakula, ahots gogor eta potente horreeri begira gagoz eta ahots apalagoei ez deutsagu arretarik jarten eta badirudi ez dirala hor egoten, baina hor dagoz.
6.- Liburuan hainbat gairi egiten deutsazu erreferentzia: hiesa, drogak, Euskal Herriko egoera politikoa, internazionalismoa, sexua… Nondik edan dozu, hain ondo dokumentauta egoteko?
Prozesu luzea izan da, danetara hiru urte egon naz liburua idazten, horreetatik urte eta erdi dokumentazinoan eta personaiak jazten ibili naz. Berez, hainbat dokumentazino bide erabili ditut: informazino iturri nagusia memoria izan da eta nituan intuizino horreek mamiz beteten joateko hainbat lagunegaz alkartu naz, buruan nituan gaien ganean berba egin dot, apunteak hartu dodaz. Eusko Jaurlaritzeak eta hainbat erakundek 1980ko hamarkadan argitarattako liburuak eta txostenak irakurri dodaz lehenengo hies kasuen eta medikuek eukien ezezagutzearen ganean, familien testigantzak… A los pies del caballo liburua be irakurri neban.
Horrezaz gan, Felix Zubia medikuari pare bat bisita egin neutsazan eta asko lagundu deust, alderdi mediko guztiak kontrastau nituan beragaz.
7.- 80 eta 90eko hamarkadan jaiotakoak liburuan agertzen diran hainbat gauzagaz indentifikauta sentidu daitekez. Baina gaur egungo nerabe batek zelan jaso leike istorio hau?
Egia esan ez dakit, eta kuriosidadea sortzen deustan zeozer da. Ni baino hamar bat urte gazteagoei adibidez, nahiko hurreko egiten jakela konprobadu ahal izan dot. Gaur egun 20 urte inguru dituenek euren belaunalditik hurrago dagoan gatazkearen irakurketa bat egitea adibidez, estimatu dabela esan deuste.
40-45 urte dituenek guk jaio aurreko marko hori hainbat alderditatik oso ondo definidu dabe sortu daben literaturan, bertsolaritzan… Gure belaunaldiari, aldiz, sentidutakoari berbak jarten hastea falta jako akaso. Aurretik errelato batzuk emon deuskuez, baina zein da gurea? Zelan sentiduten gara jaio garen sasoiagaz? Zelan bizi izan doguz jazoerak?...
Gaur egun nerabe diranek, hemendik 10-15 urtera be gaur egun pasetan dabilenaren irakurketa politikoa egingo dabe eta niri asko interesetan jat, sasoiak oso arin aldatzen dabizalako eta iruditzen jatalako 10 urtean ikaragarrizko desbardintasuna dagoala gure inguruaren pertzepzinoan.
8.- Liburua plano bitan banatu dozu, ezta?
Bai eta hauxe izan da gehien kostau jatana, hiru hamarkada hartzen dituan istorio bat nebala konturatu nintzalako, Nagore Vargasen umezaroa, hiesaren diagnostikoa eta ondorengo garapena aldi berean kontau behar nituan. Ez nekian oso ondo zelan egituratu eta azkenean, istorioaren osotasuna ondo helarazoteko atzera-aurrerako egitura batek lagundu eikeala konturatu nintzan. Horregaitik plano kronologiko bitan banatzea erabagi neban. Bata 2010etik 2014. urtera doana eta bestea 1982tik 2002ra.
Asmoa zan iraganeko pasadizo horreen bitartez, protagonisteari 2010etik aurrera jazoten jakonaren eta hartzen dituan jarreren inguruko azalpenak emoten laguntzea, jenteak ulertu daian Nagorek hartzen dituan erabagiak eta zelan sentiduten dan. 2010etik aurrera iceberg-aren puntea ikusten da eta gero sakoneko parte hori pixkanaka osotuten joan naz.
9. Behin hiru urteko lana amaituta, beste proiekturen bat buruan daukazu?
Ez. Momentu honetan deskantsua behar dot, hiru urte egon naz topera proiektu honegaz. Hau izan da sekula egin dodan lanik konplexuena bai tamainaz, bai personaje kopuruz, espazioz… ahalegin handia egin dot eta orain literatureari jagokonez behintzat neure buruari deskantsua emongo deutsat.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!