Giuseppe Arcimboldoren obrak ipini ditue Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2017-11-09 09:06   Kulturea

XVI. mendeko artistearen koadro originalak eta horreek kontestuan ipinten dituen beste lan batzuk dira.

Argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Arcimboldo. Florak eta udabarria da erakusketearen izenburua eta, hain zuzen be, horrexek dira XVI. mendeko Milango artista horren obran gehien agiri diran elementuak: Lorak, landarak, naturea... Espainiako bildumetan gorde diran Arcimboldoren hiru original bakarrak ikusi leitekez Bilboko Arte Eder Museoan: Flora (1589), Flora meretrix (c. 1590) eta Udabarria (1563).

Ganera, Udazkena eta Negua lanen kopiak lehenengoz erakutsiko dira jentaurrean. Erakusketea osotzeko, Arcimboldoren obreagaz zerikusia izan eben beste artista batzuen koadroak eroan ditue Bilbora, Antonio Mororenak eta Alonso Sánchez Coellorenak. Maximiliano II.a, Rodolfo II.a eta Felipe II.a agintarien erretratu bana dagoz, esaterako. Azkenik, gai floralak jorratzen dituen museoko bildumako bost obra aukeratu ditue: Ama Birjina Umeagaz, aingeruak eta emoleen familia (Berthomeu Baró); Familia Santua (Jan Gossart); Loraontzia tulipakaz (Andries Daniels eta Frans Francken Gaztea); Lora-otzaratxua (Juan de Arellano); eta Lora-girlanda (Abraham Mignon). Danetara, 14 koadro dagoz erakusketan, baita botanikearen inguruko XVI. mendeko agiri batzuk be.

Bisitariei Arcimboldoren obrearen eta erakusketako koadroen inguruko informazino gehigarria emoteko asmoz, teknologia barriak erabili ditu Arte Eder Museoak. Holan, ikutzeko mahaia ipini dau, Arcimboldoren teknikea hobeto ezagutzeko aukerea emoten dauen esperientzia eskaintzen dau mahaiak, aplikazino interaktibo bati esker.

Bestetik, erakusketearen katalogoaren barruan, Giuseppe Arcimboldo: Zientzia, erudizioa eta artifizioa izeneko saiakerea dago, Miguel Falomirrek idatzitakoa. Arcimboldok gorteko pintore zanean egindako ibilbidea batzen da hor, eta obra batzuetako teknikea zehaztasunez aztertzen da. Falomirrek berak berbaldia emongo dau Arte Eder Museoan, abenduaren 18an.

Giuseppe Arcimboldo Milanen jaio zan 1526an eta hantxe ikasi zituan pinturearen oinarriak. 1549an, Milango katedralerako egindako lan bat da ezagutzen dan zaharrena. Italia iparraldeko hainbat eleizatako dekorazinoak marrazten ibili eta gero, Vienara joan zan, Maximiliano enperadoreak konbidauta. Han egin zituan, besteak beste, lau urtaroen eta lau elementuen serieak. 1593an hil zan.

Erakusketea 2018ko zezeilera arte ikusi ahal izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu