Jantzea oinarri dala, Martin Zalakainen istorioa aurkeztuko dabe Arriagan
2017-11-08 13:05 KultureaJuan Antonio Urbeltzek egokitu dau Pio Barojaren nobelea oholtzarako.
Zapatuan, zemendiakren 11n, euskal arte eszenikoetan mugarria ezartera datorren ikuskizuna estreinauko dabe Bilboko Arriaga antzokian, hainbat disziplinatako sortzaileen alkarlanari esker. Martin Zalakain piezea Pio Barojak pertsonaia horren inguruan idatzitako nobelan oinarritutako ikuskizuna da, jantzea ardatz dauena, baina musikea eta antzerkia be barruan hartzen dituana. Artista ezagunakaz batera, konpainia ugaritako jantzari amateurrak egongo dira oholtzan, 80 guztira.
Juan Antonio Urbeltz da proiektu honen bultzatzailea, arimea. Zuzendaria be bada. Azaldu dauenez, 2014. urtearen bueltan hasi zan proiektu honetan pentsetan eta, pixkanaka, sortzaile ugari batu ditu bere ingurura, berbarako, Harkaitz Cano idazleak Pio Barojaren Zalakain el aventurero elebarria, 250 orrialdekoa, bost foliotan laburtu edo egokitu dau, jantza-ikuskizunari lagunduko deutsan testua sortzeko. Ander Lipus aktoreak errezitauko ditu horreek pasarteak, Pio Barojaren beraren azalean sartuta.
Urbeltzek adierazo dauenez, mundu guztiko kulturek daukie unibersaltasun ikutu bat, baina hori topau eta zabaltzeko sensibilidade berezia behar da. Horregaitik, euren kultura tradizionala mundu osora eroaten asmau daben hiru herri izan dira Urbeltzen erreferentzia: Hungaria, Irlanda eta Andaluzia. Martin Zalakain ikuskizunaren bidez, euskal kulturan be antzeko zoezer sortu nahi izan dau. Gure heroi herrikoia sortzen hasi gara, ia orain gazteek bide horri heltzen deutsien.
Pertsonaia aproposa begitantzen jako Martin Zalakain era honetako proiektu baterako. Heroi tradizional bati jagokozan karga emozional eta erromantikoak daukaz, dino Urbeltzek. Harkaitz Canoren ustez, ganera, Euskal Far West moduko bat sortu eban nobelan Pio Barojak, Gerra Karlisten inguruko giroan kokatua eta era guztietako abenturak tarteko dirala.
Edozelan be, gidoiaren abiapuntua jantzea dala azpimarratu dau Canok. Lehenengo koreografia sortu eben eta ondoren testua. Martin Zalakain pertsonaiarena egingo dau Josu Garate jantzariak eta Juan Antonio Urbeltz bera ibili da koreografiak sortzen. Argia, Kezka, Haritz, Duguna, Maritzuli eta Elai-Alai taldeetako jantzariak be oholtzan izango dira.
Musikea, ostera, Marian Arregik eta Mikel Urbeltzek jarri dabe. Musikeak jantzeari eragiten deutso, baina badauka drama ikutua be bai, soinu-banda bat balitz legez, azaldu dau Mikel Urbeltzek. Gehienbat euskal musika tradizionalean oinarritu dira, baina beste eragin batzuk be badagoz, esate baterako Latinoamerikako hainbat herrialdetakoak.
Ander Lipusen ustez, kolosala izaten dabil orain arteko prestakuntza guztia. Maitasunetik, amateurismotik, ez bada, ezinezkoa da euskal arte eszenikoetan tamainu honetako proiektu bat aurrera eroatea. Baliabideak ez dira nahi bestekoak, baina horrek ez dau esan nahi euskal kultureak ez daukanik munduari ezer eskaintzeko, Lipusen ustez: Hemen be ikaragarrizko ondarea daukagu, ezin dogu gitxietsi.
Arriaga antzokiko emonaldirako sarrerak salgai dagoz dagoeneko. Martin Zalakain-en bultzatzaileek, baina, Arriagako estreinaldiaren ondoren ikuskizuna beste agertoki batzuetara eroan nahi leukiela azpimarratu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!