Sortzaile bila euskerazko telesail digital bat grabetako

Bizkaie! 2017-11-08 10:31   Euskerea berbagai

Eiken Klusterrak eta EITBk gidatutako Next Station plataformeak idea lehiaketea deitu dau.

Next Station plataformeak deialdi bat egin dau euskal sortzaileak erakarteko helburuagaz. Euskerazko lehen telesail digitala produzidutea da asmoa, azken-azkeneko teknologia erabiliz ganera, 4K ultra-bereizmena. Denporaldi oso bat filmau nahi dabe, danetara sei kapitulu izango dituana. Aurkezten diranen artean persona bakar batek izango dau proiektuan parte hartzeko aukerea.

Profesionala izan edo ez, edonor aurkeztu daiteke lehiaketa honetara. Ideak selfie muetako bideo baten edo bideo narratibo baten bialdu ahal izango dira. Danetara, minutu batekoa izango da piezea eta proiektuaren garapena edo idearen berezitasuna azaldu beharko ditu parte hartzen dauenak. Zemendiaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dira lanak, Next Station plataformearen Facebook-ean.

Bideo guzti horreetatik 20 aukeratuko dira: alde batetik, aditu talde batek erabagiko dau euren ustez, zein diran idea onenak, eta, bestetik, jenteak gizarte-sareen bidez emon ahal izango dau bere botoa. Ondoren, hiru sortzaile aukeratuko ditue, beka baten bidez prestakuntzea jasoteko.

Hiru horreetako bat izango da lehiaketearen irabazlea, eta bere telesailaren denporaldi oso bat grabauko dauena. Telesaila 2018an produzidu eta filmauko da, ETBn emitiduko da eta nazinoarteko hainbat merkadutara bideratzea da asmoa VOD plataformei saltzeko edo Netflix eta HBOri.

Ikus-entzunezko formatu barriak sortzeko laborategia da Next Station plataformea. Honetan partaide dira: Eiken, ikus-entzunezkoen Euskal Klusterra, EITB eta Media Attack, Develop Huyb eta J.O.K. Films produkzino-etxeak. Laguntzaileak, barriz, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskaltel, Eusko Jaurlaritzea eta Mondragon Unibersidadea.

Plataforma publiko-pribadu hau talentu barrien alde dabil apustu egiten, eta komunikazino eta informazino teknologien gorakadeagaz puri-purian diran ikus-entzunezko formatuak bultzatzen dabil.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu