Jagon jardunaldiak Gasteizen egingo ditu Euskaltzaindiak aurten

Bizkaie! 2017-11-08 08:19   Euskerea berbagai

Zemendiaren 17an izango da hitzordua, Araba, euskeraz bidea egiten izenburupean.

Jardunaldien antolatzaile Iñaki Martinez de Luna, Sagrario Aleman eta Roberto Gonzalez de Viñaspre (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Araban euskereak izan dauen bilakaerea eta gaur egun dauen egoerea aztertuko ditu Euskaltzaindiak XXII. Jagon jardunaldietan, hilaren 17an. Horretarako, Gasteizera joko dabe, Montehermoso Kulturunea -  Euskararen Etxera (Ortuño aretoan). Arabako euskalgintzako eta erakundeetako ordezkari ugarik parte hartuko dabe.

Mende askoan atzerakada prozesuan egon eta gero, euskereak Araban hobekuntza nabarmena izan dau azken hamarkadetan. Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariaren esanetan, gaur egungo errealidadetik abiatuta, aurrera begirako erronkez eta aukerez gogoetea egiteko jardunaldia izango da, hizkuntza-normalizazinoaren bidean. Horretarako, hainbat ekimen barritzaileren ganeko azalpenak emongo ditue eta Araban euskeraz lan egiten daben hedabideei leku berezia egingo deutsie.

Iñaki Martinez de Luna ibili da egitaraua atontzen. Araban igarten dan hizkuntza-aldaketearen dimensinoa eta ezaugarriak izango dira berbagai, azaldu dau. Jardunaldi dinamikoa egin nahi dogu, eta, horregaitik, entzuleek parte hartzeko aukerea izango dabe, zalantza edo ikuspuntuak emonaz. Hizlari eta entzuleen ekarpenagaz, urrats bat gehiago egin nahi dabela azaldu dau, Araban euskerearen normalizazinoa errealidadea izan daiten.

Bere aldetik, Sagrario Aleman euskaltzain eta Sustapen batzordeko buruak Jagon jardunaldien historia errepasau dau, horretarako, XX. menderen hasierara arte atzera eginez, hain zuzen: Mende hasierako eleiza eta euskera jardunaldi hareetatik hasi eta hainbat gai jorratu dira azken ehun urteotan: Europako Batasuna eta euskerearen aldeko hizkuntza politikea; euskerea, kontsumoa eta hizkuntza eskubideak; euskerea eta etorkinak; gazteak, aisialdia eta euskerea... Eta jardunaldiok beti egin izan dira herri erakundeetako ordezkarien eta herri eragileen laguntzaz, adierazo dau euskaltzain nafarrak. Aurten, ganera, ez da Gasteizen egiten dan lehen Jagon jardunaldia, Sagrario Alemanek gogoratu dauen legez: 2011n, Gasteizen egin zan sustapeneko Jagon jardunaldia, Arabatik Arabara goiburuagaz, eta, orduan legez, Arabako eragileek jardunaldian parte hartzeko jarrera ezin hobea erakutsi deuskue.

Kontuak kontu, zemendiaren 17ko jardunaldia goizeko 09:30ean hasiko da, Andres Urrutia euskaltzainburuaren berbaldiagaz. Ondoren, Araban euskerearen bilakaerea eta egoerea aztertuko ditue mahai-inguruan. Urrutiagaz batera egongo dira Igone Martinez de Luna Arabako Euskera, Kultura eta Kirol Saileko foru diputadua, Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko Euskera zinegotzia, Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko burua eta Roberto Gonzalez de Viñaspre bera.

 Sarrera-hitzaldien ondoren, Arabako egoerearen eta bilakaerearen nondik norakoak aztertu eta eztabaidatuko ditue Agurtzane Ortiz de Landaluze Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako teknikariak; Asier Etxenike Aztikerreko zuzendariak; eta Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko Kale Neurketako zuzendariak. Iñaki Martinez de Lunak egingo dau moderatzaile lana.

Goizeko 11:00etan, euskera teknikarien txandea izango da eta, eguerdiko 12:00etan, herrialdeko euskaldunak aktibetako antolatutako ekimenak ezagutzeko aukerea egongo da: Agurainen 75 Ordu Euskaraz, GEU alkartea, Lazarraga Kultura Alkartea, Gutxisolo alkartea eta IKA egongo dira mahaian ordezkatuta.

Amaitzeko, 13:00ean, Araban euskeraz dabizan hedabideei lekua egingo deutsie. Batetik, Hekimen euskerazko hedabideen alkarteko ordezkari Alberto Barandiaran konbidau dabe eta, bestetik, Arabako komunikabideetako kideak: Alea, Aiaraldea eta Hala Bedi Bi. Moderatzailea Itsaso Estarrona izango da. Egitarau osoa, hemen.

Euskaltzaindiaren Jagon Sailaren barruan dagoan Sustapen Batzordeak antolatzen ditu, urtero, honeek jardunaldiok. Jagon Sailaren zeregina euskerea sustatzea, erabilerea zabaltzea, hizkuntzearen kalidadea bermatzea eta hiztunen eskubideak jagotea dala azaldu dau Gonzalez de Viñasprek.

Euskal herritar guztientzat ateak zabalik izango dira zemendiaren 17an, Montehermoson, baina aforoa kontroletako komenigarria da aldez aurretik izena emotea (info@euskaltzaindia.eus helbidean edo (0034) 944158155 telefono zenbakira deituz egin daiteke).

2017/11/17 09:30

Gasteizko Montehermoso kulturgunean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu