IV. Bizkaidatz Txikia Lehiaketea martxan da

Dabi Piedra 2017-11-06 11:27   Kulturea

Leire Bilbaoren eta Toti Martinez de Lezearen istorio bana amaitu beharko ditue parte-hartzaileek.

Lorea Bilbao eta Toti Martinez de Lezea | Ikusi handiago | Argazki originala

Ume eta gaztetxuen artean irakurri eta idazteko zaletasuna bultzatzeko asmoz antolatzen dau urtero Bizkaidatz Txikia izeneko sariketea Bizkaiko Foru Aldundiak. Bizkaidatz Lehiaketearen parekoa da, baina Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta. Aurten, betiko sistemeari eutsi deutsie: Ipuin biren hasierea idatzi dabe Leire Bilbaok eta Toti Martinez de Lezeak eta parte-hartzaileek horreetako bat aukeratu eta amaierea idatzi beharko deutsie.

Euskerazko modalidadean, Leire Bilbaok Munstro bat nire ispiluan izeneko istorioaren hasierea idatzi dau. Haritz da protagonistea eta ez dau bape egun ona izan eskolan. Etxeratzean, logelan munstro bat ikusi dauela begitanduko jako, baina Bilbaok hortxe eten dau kontakizuna. Hortik aurrerakoa, parte-hartzaile gazteen irudimenaren esku geratuko da.

Gaztelaniazko modalidadean, ostera, Toti Martinez de Lezeak El secreto de la isla istorioa idatzi dau, uharte misteriotsuen inguruko kontakizuna. Ipuineko protagonistek, uharte ezezagunen bila abenturea hasi nahian, Bizkaikoen zerrendea egin dabe. Horren ondoren zer jazoko jaken, Bizkaidatz Txikiko gaztetxuek pentsau beharko dabe.

Kontakizun biak liburutxu baten batu ditue, ikastetxe, liburutegi eta bezte areto batzuetan banatzeko. Argitalpen horretarako, Elena Ciordiak marraztu ditu Leire Bilbaoren ipuineko ilustrazinoak. Toti Martinez de Lezeak idatzitakoaren kasuan, Estibalitz Jalón izan da marrazkilaria.

Zezeilaren 16ra arteko epea dago ipuinen amaierak idatzi eta Bizkaiko Foru Aldundiaren uritarren arretarako gunean aurkezteko (Bilboko Diputazino kaleko 7. zenbakian). Bizkaiko ikastetxeren baten Lehen Hezkuntzan edo DBHn matrikulauta dagoan edozein gaztek parte hartu leike, nahi beste testu aurkeztuta, modalidade bietako baten edo bietan batera. Lau edo bost orriko testuak onartuko ditue.

Epaimahaiak onenak aukeratuko ditu, edadearen araberako kategoria bitan banatuta. Irabazle bi egongo dira kategoria eta hizkuntza bakotxeko, zortzi saritu guztira. Liburuxka baten batu eta argitaratuko ditue horreek.

Toti Martinez de Lezeak adierazo dauenez, halako ekimen baten parte hartzen dauen lehenengo aldia da: Orain arte, hasi dodazan ipuin guztiak neuk amaitu dodaz. Era honetako sariketen beharra azpimarratu dau idazleak, gaur egungo umeek telebista, internet eta bideojoko ugari eskura izanda, euren irudimena garatzeko aukerak behar dituelako. Ez da bakarrik irudimena erabiltea, gazteak pentsau eta sortu deiela  gura dogu, ganeratu dau.

Aurreko edizinoan, 262 kontakizun aurkeztu ziran, horreetatik 132 euskeraz. Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak azaldu dauenez, urterik urtera gero eta parte-hartzaile gehiago animetan dira eta aurten joera horri eustea da asmoa. Irakurteko eta idazteko ohiturea ume eta gazteen artean bultzatzea da helburu nagusia, Bilbaoren esanetan. Irudimena askatzeko bidea da, edade horretako sormena agirian geratzen da Bizkaidatz Txikian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu