'Emakumeek zientzia egiten dabe' zikloa Bilbon

Bizkaie! 2017-11-06 11:54   Kulturea

Eguenean abiatuko dira jardunaldiak Bidebarrieta Liburutegian.

Bidebarrieta Kulturguneak zientziaren dibulgazino berbaldi zikloa jasoko dau zemendiko eguen guztietan. Emakumeek zientzia egiten dabe izenburupean, hainbat ikuspegitatik landuko dau emakumea eta zientzia paradigmea, eta edizino honetan be generoen artean dagoan aldean eta horrek zientzian dituan eraginetan sakonduko dau, irakaskuntzearen alorrean zein ikerketa zientifikoaren maila guztietan.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak, Euskal Herriko Unibersidadeagaz alkarlanean, atontzen dau programea eta zazpigarren edizino hau eguenean, hilaren 9an, jarriko da martxan, Javier San Martin kazetariaren eta Teresa del Valle antropologoaren, EHUko Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko Gizarte Antropologia Saileko katedradun eta zuzendariaren arteko alkarrizketeagaz.

Del Vallek Euskal Herrian, Mikronesian, Hawain, Mexikon eta Estadu Batuetan eroan ditu aurrera bere ikerketa lanak. 1979an, handik bueltetean irakaskuntzan eta ikerketan hasi zan EHUn. Urte horretan ez egoan oraindik Gizarte Antropologiarik Euskal Herriko Unibersidadean, eta gai hori emoteko kontrau eben lehenengo personea izan zan. 1984an, lehenengo doktoretza kursoa emon eban antropologia feministearen alorrean, Diferenciación y jerarquización sexual izenburuagaz, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultadean. 1988an, lehenengo Gizarte Antropologia katedrea lortu eban EHUn.

Argitaratutako lanen artean, ondokoak nabarmendu daitekez: Mujer vasca. Imagen y realidad (zuzendaria), 1985; Korrika rituales de la lengua en el espacio, 1988; Culturas oceánicas: Micronesia, 1987; Las mujeres en la ciudad. Estudio aplicado de Donostia, 1991: Género y sexualidad (Carmela Sanz Ruedgaz, 1991; Gendered Anthropology (ed.), 1993; eta Andamios para una nueva ciudad. Lecturas desde la antropología, (1997). Horrezaz gan, bere arloko gaien ganeko hainbat lan argitaratu ditu aldizkari espezializaduetan. Teresa del Vallek Bardintasunaren Emakunde Saria irabazi eban 2010ean, emakumeen errealidadearen ganeko ikerketa eta hedapen lanarengaitik.

Berbaldi zikloak zemendiaren 16an, eguenean, jarraituko dau, Miguel Ángel Delgado kazetari, idazle eta osasun dibulgatzaileak emongo dauen Las desconocidas que iluminaron el cielo saioagaz. Jentearentzat ezezagunak diran emakume astronomo handiak izango ditu berbagai. Delgado Oviedon jaio zan 1971n. Frankensteinen, Julio Verne idazlearen eta Nikola Tesla asmatzailearen figurearen ganeko erakusketetako komisarioa izan da. Teslari eskaini eutsan bere lehenengo elebarria, Tesla y la conspiración de la luz (Destino, 2014). Las calculadoras de estrellas, bigarren elebarrian barriro nahasten ditu zientzia, emozinoa eta historia, oraingo honetan, euren lan ikusezinagaz, garai guztietako Astronomia aurrerapen nagusiak bultzatu zituen emakume anonimoetan oinarrituta.

Hilaren 23rako programau daben hurrengo saioa Margarita Sánchez Romero Granadako Unibersidadeko irakaslea eta Historiaurre eta Arkeologia irakasleak gidatuko dauen Mujeres y Arqueología. Excavando en las razones de la invisibilidad izango da; emakumeek ikerketearen alor horretan egin daben lanean eta Arkeologiaren alorrean be ezezagunak izatera eroan dituen abaguneak aztertuko ditu. Azken hamar urteetan sei genero ikerketa proiekturen buru izan da, eta bere ikerketearen ildo nagusiak honeek izan dira, besteak beste, Arkeologia eta emakumeak, Umezaroaren arkeologia; Gorputzaren arkeologia edo Bakerako ikerketea.

Programea zemendiaren 30ean amaituko da, Adela Muñoz Páez Sevillako Unibersidadeko Kimika Inorganikoko Katedradunak eskainiko dauen Sabias con Nobel. Investigadoras en nuevos campos de éxito incierto berbaldiagaz. Adela Muñozek emakume zientzialarien ganeko 30 mintegi eta berbaldi baino gehiago emon ditu, eta emakume zientzialarien ikusgaitasuna handitzeko beharra defendiduten dau, euren presentzia ia hutsa baita Zientzia alorreko Nobel sarietan, izan be, sarituen %3 be ez diralako emakumeak. Sabias. La cara oculta de la ciencia liburua, historian zehar burrukan ibilitako emakume zientzialariei eskainitako omenaldia da, eta Zientzian ekarpen garrantzitsuak egin dituen emakume batzuen lana azaleratzen dau.

Saio guztiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu