Ernesto Netok 'Burbuila zuria' obrea emon deutso Guggenheimi
2017-11-03 13:24 KultureaGiza gorputzaren mugen inguruko gogoetea da brasildarraren eskultura hori.
2014an Bilboko Guggenheim Museoak Ernesto Neto: naraman gorputza aurkeztu eban, Rio de Janeiroko artistearen lanari eskainitako atzera begirakoa. Brasilgo sortzaile garrantzitsuenetako bat da Neto, eta nazinoartean ezaguna da bere eskulturei esker. Lan organikoak egiten ditu, tamainu ikaragarri handikoak, poliamida elastikoko ehun erdi-gardenakaz moldatuak eta era askotako materialez beteak.
Erakusketa haretako pieza bat emon deutso Guggenheim Museoari Netok. Hain zuzen be, Gertaeren hiperostertza izeneko moltsoaren zati bat zan Burbuila zuria izeneko hau (White Bubble, 2013/17), artisteak Bilboko eraikinaren formetara egokitzeko beren-beregi egokitua eta berritxuratua.
Obreak eta ikusleek bat egitea bilatzen dau artisteak, eta ikusleek esperimentau ahal izatea alkartze intimo horreek zelan bilakatzen gaituen gu baino handiagoa dan zeozer, museoko arduradunek azaldu dabenez. Lanak hartzen dauen espazioan zehar ibilten hasi orduko, bisitariak egitura gardena bere gorputzaren pisuagaz aldatzen doala igarriko dau, eta atzean ixten dauen arrastoa eraldatzen joango da, ondoren etorriko diran gorputzen inpresinoak eraginda.
Azken finean, Netoren arabera, gizakiaren gorputzaren mugen inguruko esplorazinoa eta gogoetea egitea da Burbuila zuria-ren oinarria. 1990eko hamarkadan jorratzen hasi zan bidearen erakusgarri da pieza hori, izan be, aurretik erabilitako egitura geometrikoak alboratu eta aurretiaz jositako poliamidazko ehun-piezak hainbat materialez beteten hasi zan, esaterako poliestirenoa, uruna edo espeziak, gorputzak edo organismo bizidunak gogora ekarten daben materialak, gehienbat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!