Galder Perezen ‘Morbus operandi’, kazetaritzearen ganeko komedia politiko baltza estreinauko dabe

Bizkaie! 2017-11-03 10:08   Kulturea

Potereak personarik ahulenetan dauen eragina agirian lagaten dau obreak.

Aiora Sedano eta Ane Zabala | Ikusi handiago | Argazki originala

Umore baltza, oso baltza dakar Galder Perez antzerkigileak antzokietara Morbus operandi obran. Ikutu absurdoz betetako komedia honek poterearen eraginak personarik ahulenak zapaltzeko falta jakozan eskrupuluak agirian lagaten ditu eta aldi berean, hori gertatzeko posible egiten dauen testuingurua aurkezten dau: hain gustu txarrekoa dan eguneroko kazetaritzea eta baita egunero be sufridu behar dogun mundu mailako engainu potolo merkantilistearen harropuzkeria eta gobernuen kolaborazinoa.

Perezek Ane Zabala eta Aiora Sedano aktoreakaz sortu dau piezea eta azaldu dabenez, orain dala hiru urte taularatu eben Off The Record obrea dau oinarri. Hogei minutuko antzezlan laburra zan ha eta orain pieza bi gehitu deutsiez iraupena ordubetera luzatuz.

Kontuak kontu, Karmele Fernandezek, praktiketan dagoan kazetariak, Arantzazu Garmendia enpresari arrakastatsua alkarrizketatuko dau. Kazetariak, alkarrizketea egiterakoan, euskal enpresearen munduan azken hamarkadan izan dan iruzurrik handiena deskubriduko dau. Baina egunkarietarako barri freskoa izan eitekeana kazetariaren tormentu bilakatuko da. Urte batzuk aurrerago, Garmendia turismo sailburu izentauko dabe, eta Fernandez bere prentsa buru. Kazetariak momentua aprobetxauko dau hiru urte lehenago bizitako sufrimenduaren mendekua hartzeko.

Morbus operandi, gaur, barikua taularatuko dabe lehenengoz jentearen aurrean Nafarroan, Berako Kataku ostatuan, gaueko 22:00etan. Hurrengo emonaldia, barriz, hilaren 24an eskainiko dabe Bizkaian, Ugaon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu