Bilbao Arten ibilitako sortzaileen obrak ikusgai zemendian
2017-11-03 09:28 KultureaFIG jaialdiagaz alkarlanean antolatu dabe erakusketea.
Proposamen plastikoak grafikearen bidez garatu dituen artisten lana batu dau Bilbao Arte Fundazinoak zemendiko erakusketa honetan. Bilbao Arteren grafika tailerrean sortutako obrak dira danak, askotariko euskarrietan. Deklinabideak. Grafikaren ikuspuntu garaikide bat FIG, Grabaduaren eta Papel Ganeko Artearen Nazinoarteko Azokeagaz batera eratu dabe.
Bilbao Arten azken urteotan bekadun ibili diran artisten lanak aukeratu ditue erakusketarako: Roberto Aguirrezabala, Izaskun Álvarez Gainza, Juan Carlos Arango, David Arteagoitia, Ätakontu, Nuria Batalla, Ana Berenguer, Laura Bisotti, June Crespo, Pau Figueres, Iñaki Gracenea, Jabier Herrero, Zaloa Ipiña, Erramun Landa, David Martin, Karlos Martínez B, Ángel Masip, Jelena Sredanovic, Aristide Stornelli eta Araitz Urbeltz dira horreek sortzaileak.
Koordinatzailea Pilar Valdivieso da. Juan Zapater Bilbao Arteko zuzendariagaz batera egon da erakusketearen inaugurazinoan.
Artista horreen obrek gizartearen eta artearen urteotako bilakaerea erakusten dabela azaldu dau Valdiviesok. Grafikeak eta estanpazinoak ezaugarri bereziak ditue arte plastikoen barruan, komunikazinorako gaitasuna, eta horretan sakondu dabe artistek. Ganera, prozesu industrialean azaleren ezaugarriak eta inperfekzinoak agirian geratzen dira.
Figurazinoa zein abstrakzinoa, collage-ak zein irudi zatiak, aldizkarietako zatiak... Askotariko elementuak dagoz erakusketako obren artean, markoaz eta edizino mugatuaz harago begiratzeko aukerea emoten dauelako formatu honek.
Zemendiaren 17ra bitartean egongo da Deklinabideak. Grafikaren ikuspuntu garaikide bat Bilbao Arteren egoitzako (Urazurrutia kalean) 2.4 aretoaren eta kristalezko patioaren arteko espazioan. Lanegunetan arratsaldez bisitau leiteke erakusketea, doban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!