Rafaela Ybarraren bizitzea liburu baten batu dau Carmen Torres Ripak
2017-11-03 08:16 KultureaBilbogileak bildumako hirugarren alea da.
Batez be ongintzazko lanetan eta beharrizanean egozanei laguntzen nabarmendu zan Rafaela Ybarra bilbotarra (1843-1900). Gizarteari egindako ekarpen hori ardatz hartuta, Ybarraren inguruko lan monografikoa idatzi dau Carmen Torres Ripa kazetariak, Bilbao 700 Fundazinoaren eskutik. Erakunde horren babespean jaiotako Bilbogileak bildumako parte da Rafaela de Ybarra, la enamorada de Dios.
Josune Ariztondo Bilbao 700eko zuzendaria ez eze, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea egon da liburua aurkezteko ekitaldian. Haren lana Bilborentzat humanismoaren eta eskuzabaltasunaren adibidea da, adierazo dau Aburtok, Ybarraren ekarpena gogoan. Torres Ripa autoreak azaldu dauenez, batez be emakume gazteei hezkuntzarako aukerak zabaltzeko lan egin eban.
Familia erlijioso baten hazi zan Rafaela Ybarra eta Labe Garaietako presidenteagaz ezkondu zan ezkero, giro aberatsean ibili zan. Baliabide hori aprobetxauta, Aingeru Jagoleen kongregazinoa sortu eban 1892an, neska gazteen hezkuntzea helburu. Gaur egun, Bilboko etxe nagusia ez eze, 35 zentro ditu kongregazinoak Europan zein Amerikan. 1984tik Dohatsu da Ybarra eleiza katolikoaren barruan.
Bere sasoiko gizartean baztertuta edo egoera ahulean egozan emakume eta neskatoei beste aukera bat emotea, eta horretarako harrera-instituzinoak sortzea izan zan Ybarraren kezka nagusia, Josune Ariztondok azpimarratu dauenez. Bilbogileak bildumearen bidez, bestetik, Bilbori lotutako historian arrastoa itxi daben gizon-emakumeen lana eta nortasuna erakustea da asmoa, Ariztondoren esanetan. Iragana zorroztasun historikoz baina era atseginean landu nahi dabe, bihar-etziko belaunaldien erreferente izan daitezan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!