Germán Elorzaren argazkiak, Euskadiko Artxibo Historikoan

Bizkaie! 2017-11-02 11:53   Kulturea

1932tik 1974ra Bilbon ateratako argazkiak ikusgai egongo dira urtarrilaren 5era arte.

Germán Elorza (Gasteiz 1910-Bilbo 1983) argazkilariari eskainitako erakusketa zabala atondu dau Euskadiko Artxibo Historikoak, eta Bilboko Maria Diaz Harokoaren kalean daukan egoitzan doban bisitau leiteke. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak be parte hartu dau antolakuntzan.

Elorzak bere sasoiko Bilboren eta Bizkaiaren kronikea egin eban argazkien bidez. Eguneroko bizitzan ateratako argazkiak dira gehienak, esaterako, zezenketetan, futbol partiduetan, ekitaldi politikoetan eta abar. Artxibo Historikoari 2016an lagatako bildumako hainbat irudi ipini ditue ikusgai, 1932 eta 1974 artean egindakoak. Gehienbat Bilbo agiri da, baina inguruko beste herri batzuk be bai.

Uriko begiradea: Bilbo izenburuak argi azaltzen dauenez, erakusketeak Germán Elorzaren argazkilari begiradea nabarmendu nahi izan dau, eguneroko txoko eta jazoerak zelan ikusten zituan erakutsiz. Kazetaritza-argazkilaritzan eta korresponsal lanetan be ibili zan arren, alderdi hori albo batera itxi eta personearen ikuspegiari heldu deutsie.

Euskadiko Artxibo Historikoak hiru helburu nagusi bete nahi ditu erakusketa honegaz. Batetik, Germán Elorzaren bizitzea eta obrea herritarrei hurreratzea; bestetik, Artxiboaren ondare publikoaren eta berau berreskuratzeko egiten dan ahaleginaren barri emotea. Azkenik, ondare publikoaren inguruan herritarren kontzientzia biztutea.

Astelehenetik barikura zabalik dago Artxibo Historikoa, 09:00etatik 18:30era, eta urtarrilaren 5era arte egongo da Uriko begiradea: Bilbo, eraikinaren sarrerako gunean. Doban sartu leiteke erakusketea ikusten.

2017/10/27 - 2018/01/05

Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu