Maialen Lujanbiok irabazi dau Irunen

Bizkaie! 2017-11-02 08:28   Bertsolaritzea

Ariketa guztietan fin ibili da, batez be bakarkakoan.

Maialen Lujanbio, Irunen (argazkia: Gari Garaialde/XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

Giro ederra egon zan Irungo Artaleku kiroldegian atzo, Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoan. Bertsolarien lan onak eta 2.200 ikusleen animoek giroa berotu eben hasieratik. Protagonista nagusia Maialen Lujanbio izan zan, saio biribila egin eta 750 puntu batu zituan eta, txapelketa honetako saio guztietako puntuazinorik altuena orain arte. Aitor Sarriegi izan zan bigarren, 705 puntugaz, eta finalaurrekoetako bigarren fasean kantauko dau ia ziur.

Alde handiak egon ziran puntuazinoan eta, holan, Unai Agirre hirugarren sailkatua 667,5 puntugaz konformau behar izan zan, kopuru polita baina Bastida zein Irungo saioetako onenakandik urrun. Bizi ibili zan Agirre, baina goia jo barik. Alaia Martin, ostera, saioari neurria hartu ezinda ibili zan une batzuetan eta, horren erruz, puntuazino eskas antzekoa emon eutsien epaileek, 651.

Beste saioen zain egon beharko dau Martinek bigarren itzulira pasauko dan ala ez jakiteko, baita Maddalen Arzallusek be (634,5). Lapurtarrak idea politak plazaratu zituan, baina une batzuetan ez zan fin ibili. Hori bai, entzuleak txaloka eta kantari jarri zituan agurrean, Doraemon marrazki bizidunen doinuan abestutako bertso bitxiari esker. Agurrak ez dira puntuagarriak, baina. Seigarren lekua Aimar Karrikak bete eban (605), eta ia aukerarik ez dauka hurrengo fasean egoteko.

Maila oneko saioa izan zan Irungoa. Zortziko handian ale polit batzuk bota zituen bertsolariek, baina arratsaldea zortziko txikiko ariketan hasi zan benetan berotzen. Esate baterako, Maialen Lujanbiok eta Aitor Sarriegik egindako ofizioa barregarria eta bizia izan zan, protagonista biak alkarri adarra joten. Puntu erantzunetan ondo eutsi eutsien eta sei puntuko motzean pixka bat behera egin eban saioak, kartzelan barriro gora egin aurretik.

Dena ondo joian, argia biztu dan arte izan zan bertsolariei emondako gaia, bakarka hiruna bertso botateko. Gehienek sexu kontuak aitatu zituen, gehienbat konplejuen eta norbere burua onartzearen ingurukoak. Unai Agirrek, ostera, lokartzen ez diran seme biren aitaren nekeak kontau zituan. Arzallusek gogoeta dotorea eskaini eban eta Aitor Sarriegik amaiera polita emon eutsan bere bertsoaldiari, umoretik eta ezustekotik jota.

Maialen Lujanbiorena izan zan, ostera, bakarkakorik onena. Saioko bertsoaldirik puntuatuena eta txalotuena izan zan, merezimenduz. Ez gizona ez emakumea ez danaren ahotik kantau zituan hiru bertso eder, zorrotzak eta sakonak. Hizkuntzeagaz eroso olgau eban Lujanbiok hor, nahi zituan idea guztiak argi eta polito plazaratzeko.

Hirugarren finalaurrekoa zapatuan, hilaren 4an, jokatuko da Maule-Lextarren; Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Etxahun Lekue, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Nerea Ibarzabal izango dira oholtzan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu