Mausitxa da Euskal Herriko Artzain Gaztai onena
2017-10-31 09:39 Jan edanakNafarroako Kortaria baserriko infernuko gaztaiak eroan dau bigarren saria.
Joan dan asteburuan ospatu eben XXXIV. Euskal Herriko Txapelketea Idiazabalen. Artzai Gazta Alkarteak atondutako lehiaketan, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 40 gaztaigilek parte hartu eben danetara, aurrez euren lurraldeko kanporaketetan sailkatu ondoren.
Zapatu eguerdian emon eben ezagutzera aurtengo irabazlea, epaimahaikoek gaztai guztiak probau ondoren. Irabazlea nazinoarteko ekitaldietan Artzai Gaztaren ordezkari izango da hemendik aurrera. Garaileak, Mausitxa gaztandegi gipuzkoarrak, Artzai Gazta Kaikua, txapela eta transgeniko bako Unamunoko 1.000 kilo pentsu eroan zituan etxera. Bigarren sailkatuak, Nafarroako Kortaria baserriko infernuko gaztaiak, barriz, DIVA kooperatibako 800 kilo pentsu eta Laboral Kutxa garaikurra jaso zituan. Hirugarrenak, Arabako Patxi Lopez de Uraldek, Unamunoko 500 kilo pentsu eta Gipuzkoako Foru Aldundia garaikurra.
Publikoak laugarren sari bat be emon eban; Nafarroako Antsonea gaztandegiari, salmenta postuetako gaztairik onenaren saria. Autortza honen irabazleak HAZI Fundazinoa garaikurra eta DIVA kooperatibako 400 kilo pentsu jaso zituan.
Antolatzaileek dinoenez, aurtengo txapelketearen arrakastearen isla gaztaiaren arloko 35 profesional baino gehiagoz osotutako epaimahaia izan da, teknikoak eta nazinoarteko inportatzaileak.
Aurtengo barrikuntzea txapelketearen leku aldatzea izan zan, izan be, edizino honetan Pilar Enea Parkean egin eben lehen aldiz Artzain Gaztai onenaren aukeraketea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!