'Derio, zoriaren habia' bideoa aurkeztu dau Labayru Fundazinoak

Bizkaie! 2017-10-31 08:36   Kulturea

Europako Ondarearen Jardunaldietan aurkeztu dabe ikus-entzunezko lana.

Bideoa aurkezteko ekitaldia (argazkia: Labayru Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Derioko Udalak eskatuta, Labayru Fundazinoak herri horren ganeko bideoa egin dau eta, Europako Ondarearen Jardunaldietako egitarauaren barruan, Kultur Birikan aurkeztu eban joan dan astean. Ekitaldi horretan izan ziran Adolfo Arejita Fundazinoko zuzendaria eta Esther Apraiz Derioko alkatea.

Ondarearen Jardunaldietan aurtengo gaia paisajea izan danez, Derion alderdi paisajistikotik gehien aldatu diran guneak aztertu ditue Derio, zoriaren habia bideoan: San Miguel auzoa, kanposantua, Ganbeko Doneztebe ermitea, Errekaldeko mahastiak, seminarioa eta Parke Teknologikoa, besteak beste.

Era horretara, herriak azken hamarkadetan izan dauen aldaketea agiri da. Argazki zaharren bidez erakutsi dabe lehen baserriak eta soloak zirana, gaur egun etxez jositako auzune barriak dirala. Ibilbideak herriaren erdikaldea, Ganbe, Aldekone, San Kristobal eta Arteaga zeharkatzen ditu, Zamudioko mugara hurreratu eta barriro abiapuntura heltzeko. Hainbat herritarren lekukotasunak be badagoz bideoan eta horreetako asko Kultur Birikan egindako aurkezpenean izan ziran.

Labayru Fundazinoak berak be lotura estua dau Deriogaz, Adolfo Arejitak ekitaldian gogoratu ebanez. Bilbon sortu zan, baina Derion erne zan hasieran ereindako hazia, eta Derion bota ditu zuztarrak, azaldu eban, seminarioaren eraikinean Fundazinoak daukan egoitzea gogoan.

Bideo honek Derioko herriaren lehena eta oraina kontrastean ikusten laguntzen deuskue. Gure ustez berebiziko garrantzia dauka lehengo mendeko 60ko hamarkadatik gora Deriok jasan dauen demografia, etxegintza eta natura osoaren itxuraldatzeak, azaldu dau Arejitak. Geure zeregina da oraina lehenagaz sendo buztartzea, gerora landu daigun etorkizuna hobea, sendoagoa.

Ikusi bideoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu