Sustrai Colinak indartsu ekin deutso Txapelketa Nagusiari
2017-10-30 08:25 BertsolaritzeaBastidan jokatutako finalaurrekoa irabazi dau lapurtarrak, Igor Elortzaren aurretik.
Euskal Herriko Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoak zapatuan hasi ziran, Bastidan, eta barriro finalean sartzeko hautagai sendoak dirala erakutsi eben Sustrai Colinak eta Igor Elortzak. Bientzat lehenengo saioa zan aurtengo txapelketan, baina sasoi onean dirala erakutsi eben. Saio ikusgarririk egin barik, baina bertsoz bertso sendotasunez puntuak batuta, ganerako kantulagunen aurretik geratu ziran. Sustrai Colinak 705,5 puntu batu zituan eta Igor Elortzak, 703. Finalaurrekoetako bigarren faserako ederto kokatu dira.
Hirugarren Agin Laburu izan zan, 690 puntugaz. Gipuzkoarra be oso ondo ibili zan Bastidako oholtzan, zorrotz eta bizi. Hau be sasoi betean heldu da txapelketara, eta bigarren itzulian freskotasunari eusten badeutso, final handian egoteko aukerak izan leikez. Atzerago geratu ziran Jon Martin (671 puntu) eta Jone Uria (669), biak dotore ibili ziran baina ez ziran aurreko hiruren mailara heldu. Askoz atzerago amaitu eban Nahikari Gabilondok (600), eta gatx izango dau bigarren itzulian sartzea. Halandabe, maila politean ibili da Gabilondo, bai final laurenetan eta baita Bastidako saioan be, azken horretan puntu asko bidean itxi zituan arren.
Hartara, Sustrai Colina zuzenean sailkatu da finalaurrekoetako hurrengo faserako, Amurrioko saioan kantauko dau. Ganerakoek itxaron egin beharko dabe, hurrengo saioetako puntuazinoen arabera jakingo dabe pasauko diran ala etxerako bidea hartuko daben. Dana dala, Bastidan kantau eben gehienak hurrengo fasean egotea litzateke normalena. Bertsoen aldetik maila ederrean hasi dira finalaurrekoak eta, giro aldetik be, pozteko modukoa izan zan jentearen erantzuna. Bastidako kiroldegian 980 entzule batu ziran.
Laster baten dator hurrengo saioa, aste barruan. Eguaztenean, zemendiak 1, jai eguna dan ezkero, finalaurrekoetako bigarren kanporaketea jokatuko da, Irungo Artaleku kiroldegian. Honeek bertsolariak izango dira protagonista: Aimar Karrika, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Unai Agirre.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!