Alazne Untxalok eta Egoitz Gorosterrazuk irabazi dabe Bertsokabi
2017-10-27 08:38 BertsolaritzeaIruñean jokatu zan bart sariketearen finala.
Giro ederrean eta ehun bat zaleren aurrean jokatu zan bart, Iruñeko Arrano Alkartean, Bertsokabi-Eugenio Arraiza sariketako finala. Aurrez aurre, kanporaketetan sailkatutako hiru bikoteak: Alazne Untxalo-Egoitz Gorosterrazu, Joanes Illarregi-Ekain Alegre eta Amaia Elizagoien-Xabat Illarregi.
Lan puntuagarrietan, danetariko ariketak: Bikoteka, banaka, koplak... txapelketetako ohiko ariketak zein proba informalago batzuk (tabu jokoa, segidillak...) antolatu zituen. Epaitzeko modua be barritzailetzat jo leiteke, izan be, publikoaren arteko bost entzule ibili ziran puntuak banatzen. Gai-jartzailea, ostera, Ainhoa Larretxea izan zan.
Azkenean, Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu izan ziran onenak; berez, Irati Majuelo zan Untxaloren bikotekidea sariketa honetan, baina finalean egon ezin ebala eta, Gorosterrazuk ordezkatu eban Iruñean. Aurten lehenengoz antolatu dabe Bertsokabi-Eugenio Arraiza sariketea eta, hortaz, lehenengo txapeldunak dira Untxalo eta Gorosterrazu.
Nafarroako Bertsozale Alkarteak dino kanporaketetako hiru saioetan zein finalean aretoak lepo bete dirala eta bertso giro polita sortu dala. Sariketearen helburua, hain zuzen be, Iruñea eta inguruko publikoa zaletzea da, batez be gazteak. Era berean, bertsolari gazteei trebatzeko lekua eta jentaurrean kantetako plazak emotea be bada asmoa.
Bestetik, Eugenio Arraizari (1936-2015) gorazarre egin nahi deutsie, txapelketeari bere izena emonaz, Nafarroako bertsolaritzearen alde egin eban guztia eskertzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!