Koloretako grabaduak Bilboko Arte Eder Museoan

Dabi Piedra 2017-10-26 13:33   Kulturea

FIG Jaialdiaren 6. edizinoagaz bat, erakusketea zabaldu dabe.

Miguel Zugaza, IƱaki Alonso, Javier Novo eta Roberto Saez de Gorbea | Ikusi handiago | Argazki originala

Urteroko hitzordu finko bihurtu da FIG Bilbao, Grabaduaren eta Papeleko Artearen Nazinoarteko Jaialdia. Bilboko Arte Eder Museoak hasikeratik lagundu deutso ekimen horri, grabaduaren eta papel ganeko obren erakusketa bereziak antolatuta. Aurten, esaterako, Baltzetik harago izenekoa dakar, Museoaren bilduman dagozan koloretako grabaduen aukeraketea, guztira, 59 lan.

Izan be, grabaduak zuri-baltzagaz lotzen dira sarri, eta erakusketeak hori ez dala guztiz zuzena agirian itxiko dau. Museoaren funtsetan kolore bizidun hainbat grabadu dagoz. Askotarikoa da genero hori, Miguel Zugaza zuzendariak azpimarratu dauenez: Deigarria da zenbat formatu dagozan, obra batzuk oso handiak dira, esaterako. Koloretako estanpazinorako teknikea sortu eta, beraz, era honetako grabaduak hasi ziranetik gaur egun arteko ibilbidea da erakusketea, hau da, 18. mendetik 21.era. Historian zeharreko bidea da, kontinenteen artekoa, bertoko artistek eta urrunekoek egindako lanak alderatu leitekez, esan dau Zugazak.

Bertoko artisten artean, Andres Nagelek 1947an egindako grabadu bat edo Marta Cárdenasek marraztutako beste bat dagoz. Ganerakoen artean, Katsushika Hokusai japoniarrak 1822an egindako bat, Francis Bacon artista amerikar ezagunaren beste bat, Paul Cezanne abangoardista frantsesarena... dagoz.

Francis Bacon. 'Study for Bullfight No. 1', c. 1971.

Beste alde batetik, badauka berezitasun bat Baltzetik harago erakusketeak: Orain arte, FIG jaialdiko arduradunek antolatu izan ditue era honetako urteroko erakusketak, Arte Eder Museoaren laguntzinoagaz; orain, ostera, museoa bera sartu da produkzinoan. FIGeko arduradun Iñaki Alonsok eskertu egin dau Arte Edeer Museoak FIGen hasikeratik, 2012tik, izan dauen konpromisoa, beti izan dogu alboan.

Roberto Saez de Gorbea, hau be FIGekoa, eta Javier Novo komisarioa egon dira erakusketearen aurkezpenean, Zugazagaz eta Alonsogaz batera. Gure helburua grabaduaren kulturea ezagutzera emotea eta artearen merkadua bultzatzea da, zehaztu dau Alonsok. Era berean, Arte Eder Museoaren funtsak publikoari erakusteko aukera parebakoa dala ganeratu dau. Erakusketeak badauka alderdi didaktikoa, batez be Novok egindako ahaleginari esker, FIGekoen ustez.

Baltzetik harago erakusketea 2018ko zezeilaren 26ra arte ikusi ahal izango da, Arte Eder Museoko 33. aretoan. Ganera, zemendiaren 15ean, Javier Novo komisarioak berbaldia emongo dau, museoaren bildumako koloretako grabaduen ganean.

 

Jules Chéret. 'Bal du Moulin Rouge', 1892.

2017/10/26 - 2018/02/26

Bilboko Arte Eder Museoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu