Aldaketea bilatu dau Jabier Muguruzak
2017-10-25 13:08 MusikeaDoinu elektronikoetara jo dau Leiho bat zabalik disko barrian.
Proiektu ugaritan parte hartu dau Jabier Muguruzak bere ibilbide luzean, tartean kantautore erako 15 diskotan. Azkenengo honetan, baina, aldaketea bilatu dau, soinu barriak eta beste taldekide batzuk probau ditu. Leiho bat zabalik Ander Mujika eta Javi Carasueño musikariakaz grabau dau. Gitarra elektrikoak eta elementu elektronikoak dira ardatza.
Oso eroso ibili naz aurreko formatuagaz, baina comfort gunetik derrigor urten behar neban, aldaketea nahi izan dot soinua jazteko orduan, azaldu dau Muguruzak, ezin dot zergaitia garbi azaldu, senak agindutako zoezer izan da. Kontuak kontu, orain arte zapaldu bako bideetan sartu da Muguruza disko barriko zortzi kantuetan. Ander Mujikaren gitarra elektrikoek eta Javi Carasueñoren nahasketek beste ikutu bat emon deutsie Muguruzaren ohiko ahotsari eta estiloari.
Goitik beherako aldaketea bilatu dauen arren, orain arte zaleek ezagutu daben Jabier Muguruza ez dala desagertu azpimarratu dau. Nire ahotsa, nire konposizinoak hor dagoz, aldaketea dago, baina nire markea be badago. Tempo lasaia, melodia dotoreak, emozinoak... betiko moduan landu ditu.
Mujikak azaldu dauenez, kantuak jaztea izan da nire zeregina, Jabierrek bere soinuari buelta bat emon nahi eutsala esan eustan, eta nire estiloa aproposa izan ahal zala pentsau eban. Elgoibarko gitarra-joleak dino plazerra izan dala berarentzat proiektu barri honetan sartzea. Mireia Otzerinjauregik eta Miren Izak be kolaborazinoak egin ditue diskoko abesti batzuetan.
Oraingoan Muguruzak ez dau diskoko berba bat be idatzi. Doinuak bai, danak dira irundarraren konposizinoak, baina berbak idazteko zortzi kolaboratzaile izan ditu: Iñaki Irazu, Gerardo Markuleta, Lourdes Oñederra, Jose Luis Padron, Harkaitz Cano, Iban Zaldua, Angel Erro eta Iñigo Astiz. Berba intimistak dirala dino Muguruzak; triste itxurea hartu leike diskoak une batzuetan, baina Muguruzak nabarmendu dau argi izpi bat eskuratzeko leihoa zabalik itxi nahi izan dauela: Ilusinoari eta gogoari eustea garrantzitsua da niretzat.
Fase bitan grabau dau Muguruzak Leiho bat zabalik. Lehenengo, Berako Atala estudioetan ibili zan, Iñigo Irazokigaz. Ondoren, Zaragozan be egin eben grabazinoaren zati bat, Carasueñoren estudioetan. Diskoaren azala Joseba Apaolaza atoreak sortu dau. Mara-mara zigilupean plazaratu dau Muguruzak lan hau. Umeentzako diskoak argitaratzeko sortu eban Mara-mara, baina bere ohiko diskoetxe independentea zarratu daben ezkero, Leiho bat zabalik be horregaz atera dau.
Zuzeneko emonaldietan, Muguruza eta Mujika bakarrik egongo dira oholtzan, Javi Carasueñok ez dau parte hartuko. Horregaitik, Mujikak argitu dau soinuagaz lotutako gauza batzuk moldatu egin behar izan dituela kontzertuetarako: Zuzenekoak sinpleagoak, soilagoak izango dira, intimoagoak.
Zemendiaren 10ean joko ditue disko barriko kantuak lehenengoz publikoaren aurrean, Donostian. Abenduaren 10ean, Durangoko Plateruenan izango dira eta urtarrilaren 18an, Bilboko Kafe Antzokian. Zezeilean Bartzelonara joango dira eta martian Elgoibarren daukie hitzordua. Muguruzak emonaldi guztietan mikrofono huts bat ipinteko asmoa dauka, Katalunian 155. artikulua apliketeak ekarriko dauen egoerea salatzeko. Kataluniarrei berbea kendu nahi deutsiela salatu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!