Fermin Mihuraren bertsoak eta gogoetak argitaratu ditue

Bizkaie! 2017-10-24 13:37   Bertsolaritzea

Xabier Mihurak eta Jean-Louis Hariñordokik atondu dabe Bertsuaren eremua liburua.

Bere bertsoak eta bestelako testu batzuk argitaratzea zan Fermin Mihura azkaindarraren amesetako bat, baina helburua bete aurretik hil zan, 2013an. Zeregin horren lekukoa hartu eben Xabier Mihurak eta Jean-Louis Hariñordoki, Laka, bertsolariak, eta urte batzuetako lanaren ostean, kalean da bildumea, Bertsuaren eremua izenburupean.

Zehatz esanda, 1987 eta 2013. urteen artean Fermin Mihurak ondutako bat-bateko bertsoen eta idatzitako gogoeten aukeraketea da. Xabier Mihura semea arduratu da aitak eskuz idatzitakoa ordenagailura pasetan, eta Hariñordokiren laguntzinoagaz erabagi dau zeintzuk sartu argitalpenean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu dau liburua eta erakunde horren bidez eskuratu leitekez aleak. Ganera, Auspoa bildumako arduradun eta Ipar Euskal Herriko bertsolaritzearen bultzatzaile handi dan Joxemari Iriondok be lagundu dau edizinoan.

Azkaineko udaletxean joan dan astean egindako aurkezpen-ekitaldian izan zan Iriondo, autoreakaz eta udal agintariakaz batera. Egileek liburuaren nondik norakoak emon eta gero, Odei Barrosok eta Jean-Louis Hariñordokik bertso batzuk bota zituen ekitaldi horretan, Mihuraren omenez.

Fermin Mihura 1946an jaio zan, Lapurdiko Azkaine herrian, eta leku berean hil, 2013ko irailean. Etxean zein plazan bertsotan ibili zan eta, besteak beste, Nafarroako Txapelketan parte hartu eban zazpi bidar, Ipar Euskal Herriko lehiaketarik ez egoanean. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bertsogintzea eta zaletasuna bultzatzeaz arduratzen dan Bertsularien Lagunak alkarteko buru izan zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu