Umeak operara erakarteko kanpainea antolatu dabe Bizkaibusek eta OLBEk

Bizkaie! 2017-10-24 09:56   Musikea

Galdera erraz batzuei erantzunda, euren edaderako egokiak diran obretarako sarrerak irabaziko ditue.

Vicente Reyes eta Juan Carlos Matellanes (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko urteetako alkarlanari eutsi, eta barriro publiko gaztea operara erakarteko egitasmoa atondu dabe Bizkaibusek eta ABAO-OLBEk. Danetara, 400 sarrera ipini ditue neska-mutilen eskura, ABAO Txiki programako obrak ikusteko; sarrerok eskuratzeko, galdedegi erraz bat bete baino ez dabe egin behar.

Umeen artean opera-zaletasuna bultzatzea eta garraio publikoa erabilteko ohiturea zabaltzea dira kanpainearen helburuak.

Vicente Reyes Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mobikortasun diputaduak eta ABAO-OLBE alkarteko lehendakari Juan Carlos Matellanesek sinatu dabe erakunde bien arteko hitzarmena. Lau obra dagoz 2017-18 denporaldiko ABAO Txiki denporaldian, eta horreetako bakotxerako ehun sarrera ipiniko ditue gaztetxuen eskura, danetara, 400.

Zemendiaren 4an eta 5ean, Toyshop, el mundo mágico de los muñecos operea izango da egitarauko lehenengoa. Urtarrilaren hasikeran, barriz, Cuento de Navidad emongo dabe, martian Pedro eta otsoa eta, amaitzeko, Allegro vivace maiatzean. 

Heldu batek lagundurik, opera horreetakoren bat ikusi nahi daben 12 urtetik beherako gazte bizkaitarrek galdetegi labur bat bete beharko dabe dobako sarrerak irabazteko. Garraio publikoaren erabilerearen, Bizkabusen ezaugarrien eta operearen ganeko itaunak izango dira. Galdetegia OLBEren webgunean dago (hemen) eta erakunde horren egoitzan entregau beharko ditue erantzunak, Bilboko Jose Maria Olabarri kalean. Aurreko urteetako kanpainen aldean, galdetegi hori barritasuna dala azpimarratu dabe Reyesek eta Matellanesek, izan be, aurreko aldietan ez da ezelako galdetegirik atondu gonbidapenak emoteko.

Aukeratutako operarako sarrerak ez eze, kartoizko autobus bat muntatzeko laminea eta errepide bidezko garraio publikoak Bizkaian izan dauen historia batzen dauen liburutxua emongo deutsiez parte-hartzaileei.

Matellanesen ustez, jarduera hau onuragarria da gizarte osoarentzat, batez be gazteentzat. Aurreko urteetako esperientziak upealako erantzuna izan dau eta, aurten be neska-mutil askok ABAO Txikiren programazinoagaz disfrutetako aukerea ez daien galdu, hedabide ugariren bidez zabalduko dabe kanpainearen barri.

ABAO Txikiren barruan, ume eta gazteentzako egokitutako operak eskaintzen ditu ABAO-OLBEk, operea eta musikearen inguruko zaletasuna biztuteko asmoz. Martxan daroazan 28 urteetan, 190 ikastetxetako 20.000 neska-mutil inguruk ikusi dabe operaren bat programa horri esker. OLBEk eta Bizkaibusek 10.000 eskuorri inguru banatuko ditue programearen barri emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu