Nazinoartean aurkeztuko dau disko barria Josu Okiñenak
2017-10-24 08:37 MusikeaEuskal konpositoreen pianorako 25 pieza batu ditu Xuxurlak lanean.
Argentinan, Estadu Batuetan, Japonian eta beste herrialde batzuetan ibiliko da Josu Okiñena musikari eta ikerlaria hurrengo hileetan; Xuxurlak disko barria aurkezteko kontzertuak joko ditu eta, ganera, berbaldi eta mahai-inguru batzuetan be parte hartuko dau.
Xuxurlak laster argitaratuko da. Bertan, euskal konpositoreek sortutako 25 pieza batu ditu Okiñenak, tartean orain arte publikoan jo ez diran batzuk, esaterako, Aita Donostiak sortutako azken konposizinoetako bat, Andante doloroso izenekoa. Eskuizkribu batzuetan arakatzen ebilela topau eban pieza hori Okiñenak. Esan behar da ederto ezagutzen dauela Aita Donostiaren lana, haren ganeko doktore tesia egin eban eta.
Ganera, beste hainbat konpositoreren lanak topau leitekez Xuxurlak lanean: Tomas Garbizu, Pascual Aldave, Felix Lavilla eta baita 18. mendean jaiotako Juan Andres Lonbiderenak be. Pianorako euskal errepertorioa aberasteko helburuagaz sortu dau diskoa Okiñenak, konpositore handiek sortutako doinuak berreskuratuta.
Hurrengo egunetan, Hego Amerikarako bidea hartuko dau Josu Okiñenak, diskoaren nondik norakoak nazinoartean azaltzeko asmoz: Argentinako uriburu Buenos Airesen izango da lehenengo, San Miguel de Tucumán eta San Juan urietan ondoren. Gero, Uruguayra joango da, Punta del Estera.
Zemendian, Estadu Batuetan ibiliko da euskal konpositorea: Renoko Euskal Ikasketen Zentroan, Chicagon, Miamin... Urtea amaitu baino lehen Europa izango dau jomugea, Zurich, Varsovia eta Bukarest, besteak beste. 2018an be atzerrian ibiliko da, esaterako Japonian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!