Josu Okiñena: ‘Andante Doloroso partiturea berreskuratu eta gizarteratu egin dot, altxor bat dalako’
2017-07-24 08:00 BarriketanMusikaria eta ikertzailea.
Piano jotzailea dogu Josu Okiñena. Orain dala urte batzuk Felix Lavilla musikariaren ikasle izan zan eta bien artean Aita Donostia konpositorearen obrea ikertu, musikatu eta zabaltzen ibili dira.
Musikari andoandarraren azken aurkikuntzea Aita Donostiak hil baino urte bi lehenago sortu eban partiturea izan da, Andante Doloroso. Nahi barik topautako altxorra izan dala dino, baina balore handikoa dala autortu dau. Irailaren amaieran kaleratuko dauen Xuxurlak diskoaren barruan sartu dau piezea. Lan honen % 70 sekula argitaratu ez diran abestiez osotuta dago.
1.- Aspaldi hasi zinan Felix Lavillagaz batera, Aita Donostiaren obrea ikertzen. Zergaitik? Zerk eroan eutsun horretara?
Orain dala 20 bat urte Felix Lavilla irakasle izan neban urte askoan, eta denporearen poderioz maisu izateaz gan, lagun min be bihurtu zan. Holan hasi nintzan Aita Donostiaren obrea ezagutzen eta ikerketak egiten, Lavillaren laguntzinoagaz batera.
2.- Zelako hartu-emonak izan zituan Lavillak Aita Donostiagaz?
Felix Aita Donostiaren lagun mina izan zan, eta, urte askoan alkarregaz pianoa joten ibili ziran, lau eskutara, 1940. hamarkadan, Villa Mirentxu izeneko etxean. Felixek kontetan eta erakusten eustanagaz piztu jatan frailearen musika-ibilbidearen ganeko interesa, eta, gaur egun honetan jarraitzen dot buru-belarri.
3.- Zelan topau zenduen Andante Doloroso abestia?
Altxor hau Felixek eukan bere eskuizkribuen artean; izan be, bere azken urteetan Aita Donostia pianorako estrukturea eta sonoridade barriak ikertzen ibili zan. Holan, Felixi Andante Doloroso partiturea emon eutson, abestiaren ganean Felixek eukan eretxia jakin nahi ebalako. 1954. urtea zan, eta, hain justu, hurrengo urtean minbizia diagnostikau eutsien Aita Donostiari eta partiturea Felixen kaxoian geratu zan, ahaztuta.
Hamarkada dezente pasa ziran, behin, Felixen etxean nengoala, eskuizkribu-sorta bat emon eustan arte. Tartean Andante Doloroso egoan, eta, honakoa esan eustan: Hau zuk aterako dozu etorkizunean. Holan egin dot orain; euren lekukoa hartu eta Euskal Herriari berea dana itzuli.
4.- Zer izan da zuretzako holako partitura bat topetea?
Poz ikaragarria eta baita ardura handia be bai. Izan be, niretzat ikerkuntza itzela izan da eta mundu mailako musikagile handien obren mailan dauen lana da.
Izan be, Aita Donostiaren pianorako azken obrea izateaz gan, alegia, hil baino urte bi lehenago konposaturikoa, izugarrizko kalidadekoa da lana, oso barritzailea eta abangoardistea izan zalako bere sasoirako. Ez dago holakorik euskal musikagintzan, ezta Estadukoarenean be. Kontuan hartu inpresionismoaren bidetik doan konposaketea dala, garai horretako ganerako euskal musikariak folklore abestiak pianorako egokitzen ibili ziran eta testuinguru horretan kokatu behar da.
5.- Eta Euskal Herriko ondare kulturalerako? Zelakoa da partiturea? Zenbaterainokoa da kalidadea?
Euskal Herriko maisulan handi bat dogu eskuartean. Euskal Herri eta Espainia mailakoa, Maurice Ravel musikari itzelaren mailakoa, zalantza barik. Nik berreskuratu eta gizarteratu egin dot, gizartearena dan altxorra dalako. Orain goratu egin behar dogu, bere lekuan jarri, jenteak balorau eta gozau daian. Ikaragarrizko lana dogu eskuartean, gure ondarea dana, ganera.
6.- Zenbat denpora emon dozu pieza hau ikertzen? Partitura originala berregin egin dozu. Zelan?
Partitura originala eskuizkribu txiki bat danez, fotokopiak egin behar izan dodaz zatiak handiagoak ikusi eta horreek interprettetakoo. Hilebete luzeetako eta ordu askotako lana izan da, txiki-txikia izateaz gan denporearen poderioz be znahikoa zahar dagoalako. Denpora luzea izan da, baina oso aberasgarria eta polita.
7.- Xuxurlak izeneko diskoa atont,en zabilz eta Andande Doloroso be errepertoriora gehitu dozula komentau dozu. Zelakoa izango da lan hau?
Sony Classical nazinoarteko diskoetxeagaz argitaratuko dot CD formatuan, eta, 25 euskal abestiz osotutako lana izango dogu. Horreetatik %70, ganera, sekula argitaratu ez dana da. Izan be, urteak emon dodaz artxiboetan ikertzen eta bilatzen, eta, euskal altxor politak azaldu dira; baita Txileko artxibo pribadu baten be! Irailaren amaiera aldera argitaratzeko asmoa dogu, eta, ziur nago sorpresa eta ikerkuntza eder ugari ekarriko deutsazala euskal gizarteari.
8.- Orain dala aste batzuk Donostiako Victoria Eugenia antzokian aurkeztu zenduen piezea lehenengoz. Zelako harrerea izan eban?
Donostiako Victoria Eugenia antzokian lehen aldiz jo eta filmau neban orain dala hilebete batzuk, bideoklip moduan aurkezteko; interneten ikusi daiteke orain. Izan be, bideoa Gipuzkoako Foru Aldundian izandako aurkezpen-ekitaldian erakutsi genduean, hain zuzen be, instituzinoen babespean.
9.- Euskal Herrian noiz ikusiko zaitugu barriro oholtza ganean, Andante Doloroso piezea joten?
Laster, espero dot! Xuxurlak-en aurkezpenean, irailaren amaiera aldera, adibidez. Honezaz gan, hurrengo seihilekoan han-hemenka ibiliko naz Aita Donostiaren altxor hau eta beste hainbat euskal maisulan aurkezten: Ameriketako Estadu Batuetara birea egingo dot, beste bat Txile, Argentina eta Uruguaira, eta, hirugarren bat Japoniara. Horrezaz gan, Europako beste zenbait lekutara be eroango dot gure musikea. Peninsulatn be jo gura neuke, eta, kontzertu gehiago izatea Euskal Herrian. Hilebete ederrak jatorkuz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!