Euskal Herriko soinu-tresnak aztertu ditu Juan Mari Beltranek
2017-10-23 12:57 MusikeaLiburua, CDa eta DVDa dakarz proiektu honek.
1980ko hamarkadan hasi zan Juan Mari Beltran Euskal Herriko musika-tresnak topau, sailkatu eta aztertzen. Helburu zabala baina, era berean, zehatza eukan egitasmoak: Euskal Herriko berezko musikan, gure sasoira arte erabilitako soinu-tresnen aurkezpen orokorra egitea, baita soinu-tresna bakotxaren ezaugarri, funtzino eta aldaeren azalpenak emotea be. Lan horren guztiaren emoitzea da orain aurkeztutako Soinu tresnak euskal herri-musikan (1985-2010), Elkar argitaletxeagaz plazaratua.
Batetik, Beltranek disko baten batu ditu 16 pieza musikal, bakotxa Euskal Herriko tresna tradizional baten erakusgarri. Leku ugaritako lekukotasunak dira, artista herrikoi eta tradizionalek jotakoak; esate baterako, Leon Bilbaoren eta Maurizia Aldeiturriagaren pieza baten albokea entzun leiteke. Sunpriñua izeneko tresnea, ostera, Juan Bautista Lasartek eta Juan Mari Beltranek berak jotako beste pasarte baten entzun leiteke.
Ganera, panderoa, txistua, toberak, dultzainea, trikitixea, adarra, Nafarroako gaitea eta abar sartu ditue bilduman. Musikea egiteko modu bizia, sortzailea, batu dauela dino Beltranek. Sasoi bateko albokari, txistulari eta beste musikari batzuekaz plazaz plaza ibilita batu ditu diskoko soinu guztiak.
Bestetik, irudien eta azalpenen bidez osotu dau ikerketea. Horregaitik, CDa ez eze, DVDa eta liburua be badakarz argitalpen barriak. Ikerketea hasi ebanean, 1980ko hamarkadan, sasoi haretako formatuan plazaratu eban materiala, bideoan eta diskoan. Oraingoa, gaur egungo medioetara egokitutako argitalpena da, txukun-txukun jarria, autorearen esanetan, izan be, lan hau gaur egun be balio handikoa dala dino.
Elkar argitaletxeak ganeratu dauenez, herri bat zehazteko osagairik garrantzitsuenetakoa bere kulturea da, eta honen adierazpenik biziena herri musikea dogu. Kulturea ezagutzeko derrigorrezkoa da musika hori jo eta entzuteko erabili diran soinu-tresnen kolore tinbriko, jokera, funtzino, itxura, egitura, jotzaileak eta abar aztertzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!